
Gipuzkoako ligan aritzen diren jokalariak ere izango dira Fanderian
Errenteria-Oreretan egoitza duen aniztasun funtzionala duten pertsonen harrerarako Gipuzkoako Mindara elkarteak Pilota Egokituko Nazioarteko II. Txapelketa antolatu du etzirako, hilaren 5erako, Fanderiako pilotalekuan. Goizez eta arratsaldez, binakako pala partidak izango dira bertan, eta urritasun intelektuala duten jokalariek nahiz gurpildun aulkietan ibiltzen direnek hartuko dute parte. Igande goizean, hilak 6, gurpildun aulkiko beste jardunaldi bat egingo dute Usurbilen, Mindarak antolatuta hori ere.
26 pilotarik hartuko dute parte txapelketan, hamahiru bikote. Gehienak gipuzkoarrak izango dira (Usurbilgo zortzi, sei zarauztar eta beste bi Irungoak), baina Valentziatik (Herrialde Katalanak) sei pilotari etorriko dira eta beste bi bikote Tarbes hiritik (Okzitania). Partidak goizez nahiz arratsaldez jokatuko dituzte. Goizean, 11:00etatik 13:30era, urritasun intelektuala duten kirolariak lehiatuko dira, eta arratsaldez, 16:30etik 19:30era, gurpildun aulkietan aritzen direnak. Goizeko finala 12:45ean izango da eta arratsaldekoa 19:00etan.
Euskal Pilota Egokituko Eskola abiatu dute Mindaratik eta bertako kide den Mikel Izagirrek azaldu duenez, “helburua da jarduera fisikoa, kirola, aisia eta osasuna sustatu eta garatzea, bereziki aniztasun funtzionala duten pertsonekin, errehabilitazio, gizarteratze eta lehiaketarako modu ezin hobea delako”.
Jaioberria baino gogotsu jaioa
Iaz sortu zen Mindara elkartea eta, ibilbide laburra duen arren, gogor ari da lanean urritasuna duten pertsonek jarduera fisikoan euskal pilota txertatu dezaten. Baina ez dituzte beste kirolak alboratzen eta saskibaloia gurpildun aukietan edota egokituko igeriketa ere sustatzen dituzte, besteren artean.
Aurten Mindy aldizkaria kaleratzen hasi dira eta lehen zenbakian Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioaren gaineko informazioa azaltzen dute, baita Euskal Pilota Egokituko Gipuzkoako Ligari buruzkoa. Hain zuzen ere, ligan ari diren jokalarietako batzuk izango dira larunbatean Fanderian.
Mindarari buruz gehiago jakin nahi duenak 943 02 05 40 edota 609 68 35 09 telefonoetara dei dezake, edo posta elektronikoko helbidera
idatzi. Morrongileta kaleko 2. zenbakian (galeria) du egoitza Mindarak.