Pentsiodunek borrokarekin jarraituko dute
Astelehenean bilduko dira beste behin Errenteria-Oreretako pentsiodunak euren egoera salatzera. Herriko Plazan izango da, 11:00etatik aurrera, eta manifestazioa egingo dute herriko kaleetan barrena, Iztietako anbulatorioraino. Duintasuna elkarteak egin du deialdia, eta herriko zenbait erretiratu elkarterekin batera (Beraun, Kaputxinos, Agustinak, Alaberga, Galtzaraborda, Pontika eta Beti Bizkor) Amalatz nahiz Bilgune Feministak bat egin dute. Oraingo protestan, ordea, aurpegi berriak ikusi ahal izango dira, Lezoko Aiton Borda erretiratuen elkarteko kideak, hain zuzen.
Erretiratuak “itota” daudela salatuko dute, “Madrildik inposatutako neurriak” direla eta. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritza nahiz bertako Osasun Sailari ez betetzeko eskatu diete.
Neurri horiek, hala nola, farmaziako ordainketa partekatua, zerga igoera eta argindarraren igoera (“hirugarrena urtebetean”) direla zehaztu dute.
Zentzu horretan, “osasuna eskubide izatetik ordaindu beharreko zerbait izatera pasatzea” ekarriko duela uste du Duintasunak.