Sagarzazu zinegotzia, aurkezpenean
Asteburu musikalarekin amaituko da aste hau, kultur jardueraz beteta datorren urriko lehen astea. Egia bada herriko jaietan euskararen protagonismoa ez dela garai batekoa, egia da ere urritik urtea bukatu bitarte udal programazioak atentzio berezia jartzen duela gure hizkuntzan eta hil honetan euskal kulturaz gozatzeko aukera paregabea dagoela Hondarribian.
Bihar, ostirala, bi kontzertu izango dira herrian, Banakon eta Uxoa tabernan. Txiplaoko aretoan Petti abeslari eta musikari nafarra igoko da tablatura, 20:00etan, hiru euroren truke. Butroi pasealekuko ostatuan, berriz, 50-60 hamarkadetako musika entzungo da 20:30etik aurrera, Pollo Rosa Guateque Bandekin, doan.
Eta larunbatean, udal programazioaren barruan, Oskarbi taldea ariko da Itsas Etxea Auditoriumean. Txomin Sagarzazu zinegotziak asteartean egindako aurkezpenean azaldu zuenez, azken urteetan musika alboratuta zuen Oskarbi banda “mitikoak” baina duela urte batzuk eszenatokietara itzultzea erabaki zuten eta ari dira han eta hemen kontzertuak ematen. Aurten
Xirimiri diskoa aurkeztuko dute Itsas Etxean bihar. “Euskal kantagintza landu eta olerkigintza zaindu” egiten dutelako dei egin dio udalak Oskarbiri, eta haien emanaldira joateko deia luzatu Sagarzazuk herritarrei. Sarrerak sei euro balio du.
Itsas Etxea utzi gabe, baina urrian aurrera eginez, beste bi ekitaldi nabarmendu zituen kultura zinegotziak, Musikeneko Banda Sinfonikoak hilaren 20an emango duen kontzertua eta horren bezperan, hilak 19, Maritzulik, Xinkako eta Eraikik prestaturiko
Ixtorio Mixtorio ikuskizuna, euskal jokoak, inauteriak eta mitologia oinarri eta haurrak protagonista nagusi dituen emanaldi arrakastatsua.
Euskarazko zinemak ere izango du Itsas Etxean lekua urrian, berriki Zinemaldian izan den animaziozko
Zarafa filmarekin (hilak 25). 2013 urteko estreinaldia da, aurtengoa den bezala
Rush filma, hilaren 13an gazteleraz proiektatuko dutena.
Gazteei begira
Itsas Etxetik kanporako ekitaldiez ez zen ahaztu Sagarzazu urriko kultur programazioaren berri eman zuenean. Hala, Sainduak udazkenean ostiralero antolatzen hasi den tailerrak aipatu zituen eta dei berezia egin zuen Halloween gauerako hirugarrenez prestatuko duten Izuaren Etxera joateko: “Oso ondo funtzionatzen du. Etxe guztia mozorrotzen dute, ibilbidea prestatzen dute eta bertara joaten direnak izutzen saiatzen dira”, argitu zuen zinegotziak; gaztelekuko begiraleekin batera egun horretan lan egiten dute gazte boluntarioen lana goraipatu zuen zinegotziak.
Lisa & the Lips bandak 18an joko du
Psilocybenea musika aretoak ere ekingo dio ikasturteari urrian, gogor gainera, erakunde publikoekin elkarlanean antolatzen den Gaztemaniak programaren barruan Lisa & the Lips taldeak joko baitu hilaren 18an Mendeluko aretoan. Lidya Loveless (27an) eta The Cubical (31n) ere pasatuko dira Psilocybeneatik hil honetan.
Horiek dira aipagarrienak, baina gehiagoz puztuta dator urriko agenda, beste gauza askoren artean asteburu honetan Petti eta Oskarbiren kontzertuak eta Amute-Kostako jaiak proposatzen dituena. Udaleko Kultura departamentuak eta herriko gainontzeko eragilek prestatzen dutenarekin, aspertzea debekatuta dago hil honetan Hondarribian.