Abian jarrita hilabete pasata, atez ateko hondakin sistemaren emaitzak eta nondik norakoak jakinarazteko batzarra egin zuen atzo arratsaldean udal gobernu taldeak sanjuandarrekin. Amaia Agirregabiria alkateak pozik esan zuen hondakinak gaika biltzeko sistemaren balorazio “positiboa” egiten duela udalak, eta hori egiteko datu objektiboak —udal langileek emandakoak, eta hondakinak gaika uzten diren enpresen ziurtagiria dutenak— azaldu zituen. Hala, Pasaiak gehien jota atez atekoaren aurretik birziklatze tasa %33koa izan duen bitartean, Donibanen hondakinak gaika biltzera %85,55era iritsi dira. “Egunetik egunera hobeto egiten ari zarete. Interes handia agertu duzue gauzak ondo egiteko, eta emaitza horren seinale da. Salbuespenak badaude, baina udalaren partetik era guztietako konponbideak emateko prest gaude”.
Hala, hilabete batean, 23.560 kilo hondakin organiko, 5.300 ontzi arinetan, eta paper eta kartoian beste 6.300 jaso dituzte Donibanen. Errefusa 5.000 kilora (%14,45) iritsi da. Hala, datu horiek aurreko urteetakoekin alderatzeko arazoak izan dituztela jakinarazi zuen Oihane Oronoz Donibaneko alkateordeak, “San Markoko Mankomunitatetik hainbat datu oraindik ez dizkigute eman, baina horiek bidean daudela esan digute”.
Alkateak nabarmendu zuen denen arteko ikasketa prozesua izango direla atez atekoaren lehen hilabeteak, “udal langileena, udalarena, eta herritarrena”, eta berretsi zuen Donibaneko parte hartze prozesuan hitzartutako sei hilabeteko doitze prozesua horretarako erabaki zela, “ez da sistema itxia. Elkarrekin egin beharreko bidea da sistema hau hobetzearena”.
Bide horretan, zer hobetu badagoela onartu zuten gobernu taldeko kideek, eta zentzu horretan ostalarien, landa eremuko biztanleen edo herritarren ekarpenak besteak beste jaso dituztela esan zuten, eta horiek aztertzen ari direla,

Zineman egin zuten batzarra
“irtenbide egokiena emateko ekarpen eta zalantza horiei”.
Bestalde, Donibanen autokonposta egiten 22 familia daudela jakinarazi zuten udal ordezkariek, eta hurrengo ikastarorako 30 familitako ordezkariek eman dutela izena, Pasaiako barruti guztietakoak.