Jose Antonio Santano alkateak jakinarazi du landa-garraioaren zerbitzua abian jarriko dela aurki. Alkateak esan duenez, zerbitzu horren helburua da “adinekoei eta desgaituei eta haien zaintzaileei hiriko erdigunerako irispidea erraztea, laguntza nahiz osasun zerbitzuetara eta oinarrizko beste zerbitzu batzuetara (gestioak egin, erosketak,…) joateko”. Adinekoez gainera, zerbitzuaren erabilgarritasunaren arabera, landa inguruneko ume eta gazteei ere eskainiko zaie zerbitzua, eta eskola-autobusaren geltokietara eraman ahal izango dira, eskola-garraioaren zerbitzuarekin konektatzeko. Azkenik, aurreko taldeetan sartzen ez den beste edozein erabiltzailek ere erabili ahal izango du zerbitzua, betiere zerbitzuaren antolaketak eta toki libreek horretarako aukera ematen badute. Honako landaguneetan jarriko da abian zerbitzua: Olaberria, Meaka, Ibarla, Behobia, Elitxu (Txenperenea) eta Katea.
Hasiera batean, honako geltokiak ezarri dira, bai irteerakoak bai helmugakoak: Fermin Calbetoneko bus-geltokia, Dunboako Anbulatorioa, Iturrino anaiak anbulatorioa, Bidasoko ospitalea, Luis Marianoko Udal Gizarte Zentroa, Iraso Udal Gizarte Zentroa, Meaka Ibarla eskola-busaren geltokia, Olaberriako eskola-busaren geltokia
Egutegia eta ordutegia
Lanegunetan emango da zerbitzua, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:00etara, urteko hilabete guztietan, abuztuan izan ezik.
Hasieran aurreikusitako egutegia eta ordutegiak aldatu ahal izango dira, erabiltzaileen beharretara egokitzeko. Bi tarifa bereizi kobratuko dira: billete arrunta eta billete hobariduna; bi kasuetan esku-dirutan ordainduko da zerbitzua. Prezioak honakoak dira: 1,30 euro, billete arrunterako, eta Lurraldebus/Mugi txarteleko 0,72 euro aplikatuko da billete hobaridunerako, 1etik 20 bidaiatarako tartean. Lurraldebus/Mugi txartelik ez duten erabiltzaileek esku-dirutan ordainduko dute 1,30 euroko billete arrunta, eta Lurraldebus/Mugi txartela daukaten erabiltzaileek esku-dirutan ordainduko dute 0,72 euroko billete hobariduna, aurretik Lurraldebus/Mugi Billete Bakarraren txartela egiaztatuta.
Zerbitzua eskatzea.
Zerbitzua 65 urtetik gorako (edo harekin doanak) edo 18 urtetik beherako edozein zerbitzu eskatzailek erabili ahal izango du, Lurraldebus txartelaren titularra izan edo ez. Zerbitzua telefono zenbaki baten bitartez eskatu beharko dute, gutxienez ordubeteko aurrerapenarekin hasiera batean, emakidadunak zerbitzua antola dezan.