
URA agentziak —Eusko Jaurlaritzaren barruko erakundea da—, Espainiako Gobernuaren Kostetako ministerioaren aholkuz, Antxoko Molinao Erreka parkea nahiz pilotaleku berria eraikitzeko egitasmoa bertan behera uzteko eskatu du. Horri Pasaiako Udalak erantzun dio, eta zenbait aldaketekin baina egitasmoari eutsiko diola jakinarazi du, “ordagoa” botako diotela Jaurlaritzari eta lanekin hasiko direla, nahiz eta jakin aukera dagoela lan horiek geldiarazteko.
Atzo jakinarazi zuen Pasaiako Udalak, Bilduren gobernu taldeko ordezkarien bitartez, lan horiekin aurrera egingo duela, Antxoko Kultur Etxean izan zen batzarrean. Herritarrez bete zen aretoa. Hala, lanak egiteko aldaketa bat proposatu zuen Izaskun Biurrun zinegotziak: pilotalekua, Oarso kaleko zubiaren ondoan egon beharrean, topoko zubiaren aldean egongo litzateke.
Gobernu taldeko kideen ekarpenez gain, PSE-EEko nahiz Pasaiako Ezkerrako zinegotziek ere hitza hartu zuten batzarrean. Denek ala denek egitasmoa egin behar dela berretsi zuten, Antxorako duen garrantziagatik, eta inbertsio horren dirua gal daitekeelako.