Kartelada zaratatsua egingo dute Lezon atxiloketak salatzeko
Herrira Mugimenduaren polizia operazioaren harira, hura salatu eta atxilotuei elkartasuna erakustera deitu dute. Horretarako kartelada zaratatsua egingo dute Gurutze Santuaren plazatik abiatuta ostiralean. Kazola, txirula, tronpeta eta zarata egiteko baliogarria den edozein tresnarekin azaltzeko deia luzatu diete herritarrei.
Larunbatean deituta dagoen nazio manifestazioan parte hartzera ere deitu dituzte lezoarrak, “atxilotuak ez ditugulako bakarrik uztiko eta elkartasuna ezingo dutelako inoiz giltzapetu”. Tiñelun eman dezakete izena autobusean Bilbora joan nahi dutenek. 15:30ean irtengo da Donibaneko autobus geltokitik.
Limori azken agurra
Ostiralean bertan Juan Mari Labordeta Bergara, Limo preso eta errefuxiatu ohiari azken agurra egingo diote Gurutze Santuaren plazan, bestalde. 19:30ean egingo diote azken agurra. Irailaren 24an hil zen Labordeta gaixotasun baten ondorioz.