304 lagun gehiago daude lanik gabe Oarso Bidasoan
Abuztuaren azken egunetik irailaren 30era 304 lagunek galdu zuten lana Oarso Bidasoan, 248k Bidasoan eta 56k Oarsoaldean. Hala, bi eskualdeen artean langabeen kopurua 11.699 pertsonakoa da denera, 5.500 (%16,04ko tasa) Oarsoaldean eta 6.199 Bidasoan (%16,93ko tasa). Iazko irailaren bukaeran 11.241 pertsona zeuden lanik gabe, 5.319 Oarsoaldean (%15,07) eta 5.922 Bidasoan (%15,33).
Gipuzkoan, orotara, 49.155 (%14,51) pertsona zeuden lanik gabe irailaren azken egunean; 2012ko egun berberean 45.980 ziren lanik gabekoak, %13,10. Herrialdean langabe gehien dituzten eskualdeak Behe Bidasoa eta Oarsoaldea dira, hurrenkera horretan, eta gutxien Debagoienan (%12,37) eta Urola Kostan (%12,98).