Patri Espinar, eskubian. (Argazkia: Rosi Cuevas, manista.com)
Oiartzunen 2009tik Emakumea Pilotari egitasmoa egiten da, emakumeak paletaren mundura hurbiltzeko eta kirolean emakumearen presentzia areagotzeko asmoarekin, besteak beste. 2004an jarri zuen martxan Gipuzkoako Pilota Federazioak, baina aurten kolokan egon da, finantziazio arazoak tarteko. Azkenean, baina, Oiartzunen aurrera atera da. Urria probatzeko hilabetea izango da (
dagoeneko izena eman daiteke), “inongo konpromisorik gabe”, eta aurrera jarraitu nahi duenak azarotik aurrera izango du aukera. Patri Espinar (Usansolo, Bizkaia, 1985) izango da irakaslea eta berak egitasmoaren nondik norakoak azaldu ditu.
Orain arte zer moduzko erantzuna izan du egitasmoak Oiartzunen?
Hasierako bi urteetan pila bat kostatu zitzaigun taldea ateratzea, oso justu atera ginen kopuru aldetik, baina gero oso ondo funtzionatu du taldeak, jende asko animatu da. Ez dugu arazorik izan taldea aurrera ateratzeko jende kopuruaren aldetik behintzat.
Zein emakume hurbildu dira?
Lehen bi urteetan 20 urte ingurukoak eta 40 urte inguruko emakumeak egon ziren, baina azken urtean oso talde homogeneoa izan da. Oso talde ona izan da.
Helburu jakin batzuekin sortu zenuten egitasmoa, bete al dira helburu horiek?
Hasieran Lezora joan ginen, baina ez genuen taldea aurrera ateratzea lortu. Beraz, Oiartzunera joatea pentsatu genuen, oso herri pilotazalea delako eta bagenekielako neskak palan ibiltzen zirela. Hasieran harritu egin ginen, asko kostatu zitzaigulako taldea ateratzea, uste genuen gutxiago kostatuko zitzaigula. Kontua zen Oiartzungo emakumeak euren kabuz ibiltzen zirela palaz, beraz, ez zuten entrenatzailerik behar. Azken urtean, baina, helburua bete dugu; izan ere, taldea atera da, martxan jarraitzen du, gero eta emakume gehiago animatzen dira eta ondo funtzionatzen du.
Txapelketarik-edo prestatuko duzue?
Federazioaren barruan bi topaketa egin izan ditugu eta bertan Gipuzkoan pilotan ibiltzen ziren beste emakumeekin elkartzen ginen, elkar ezagutzeko. Ikasturte bukaeran Emakumea Pilotari Eguna egiten genuen. Iaz lehen aldiz Oiartzunen txapelketa txiki bat egin genuen; herrian bada emakume talde bat palan ibiltzen dena eta horien kontra jokatu genuen.
Aurten, ordea, ez dut uste topaketak egongo direnik eta Emakumea Pilotari Eguna ere ez. Egitasmoa bera bertan behera gelditzeko zorian egon da aurten. Gipuzkoako Foru Aldundiak diru-laguntza murriztu du eta Kutxak ez digu jada dirurik ematen. Azkenean arlo batzuk aktibatu ditugu.
Paletan aritzen zarete egitasmoaren barruan; pilotaren beste modalitateetara zabaltzeko asmorik baduzue?
Pala eskoletan esku pilota ere sartzen dut eta beste modalitate batzuk, baina Emakumea Pilotarin bakarrik pala lantzen dugu gaur egun. Haurrak esku pilotan aritzen dira, baina gero jarraitu nahi badute palara pasatu behar dira, pilota modalitate gogorra delako eta oso neska gutxi ibiltzen dira. Esku pilotan neskak egotea gustatuko litzaidake, baina oraingoz ez da posible.