Honakoa da Pasaia-Lezo Lizeoaren taldea
Igandean izango da 2013ko Kilometroak, Tolosan. Horren harira, Erronka izeneko lehiaketa egingo dute Gipuzkoa osoko 24 ikastetxetako talde banak; taldeetan 14-16 adin tarteko ikasleak daude. Bada Pasaia-Lezo Lizeoak ordezkaritza izango du bertan, eta honakoek osatuko dute taldeak: Yokoy Mujika, Jokin Cuesta, Manex Gondat, Eneko Sagredo, Elene Sanz, Maider Amilibia, Irati Kamio eta Zuriñe Ruiz (DBH3 eta 4ko ikasleak dira). Horiekin batera, kapitain modura, Eulogio Genova eta Ane Miren Miralles irakasleak izango dira.
Goizez eta arratsaldez egingo dituzte probak 24 ikastetxeetako ordezkariek, Kilometroen zirkuituaren barrena prestatutako guneetan. Eguerdian herri bazkaria egingo dute Tolosako zezen plazan. Lizeotik “zorterik handiena” opa diete ikastolaren ordezkariei.
Horrez gain, ikastolaren hezkuntza komunitateko partaide orori igandean Tolosara joateko deia egin diete ikastolaren arduradunek, taldea animatzeaz gain, ikastolen festa sustengatze aldera.