Ion Areitio bike-trial pilotu hondarribiarra bigarren geratu da Amberesen (Flandria) egin den Munduko Kopako azken proban eta postu berean, bigarrenean, amaitu da Munduko Kopa. Iaz laugarren geratu zen eta denboraldiaren hasieran
HITZAri eskainitako elkarrizketan zioenez, aurten superfinaletan sartzea zen bere helburua, hau da, proba bakoitzean lehen lauen artean sailkatzea. Abuztuan Hego Afrikan egin zen Munduko Txapelketan huts egin zuen Areitiok, baina Munduko Kopako azken podioko bigarren koskara igota ondo baino hobeto konpondu du Munduko Txapelketakoa. Ez da ahaztu behar Areitio oso gaztea dela oraindik eta bigarren urtea duela Elite Mailan. Gogoratu behar da Espainiako zein Europako txapelketetan ere bigarren geratu dela aurten Ion Areitio.
Hondarribiko Udaletik ere zoriondu nahi izan dute hondarribiar txirrindularia. Txomin Sagarzazu Kirol zinegotziaren arabera, “izugarria da Areitio egiten ari dena. Bizi dugun garaian, trialsina baino oihartzun gehiago duten kiroletan murrizketak badira, askoz gehiago dira kirol hauetan, eta familiaren sustengurik gabe ezinezkoa luke goi mailan konpetitzea. Meritu handia dute”.