Alkatea, gaur, agerraldia bitartean
Jose Antonio Santano prentsaren aurrera pozik azaldu da gaur. 2012aren hasieran Irungo Udal Gobernu Taldeak ezarritako bidai orria “ia erabat beteta” dagoela esan du alkateak. Garai Berrietarako Estrategia Berriak dokumentua “ezegonkortasun eta ziurgabetasun ekonomiko” garai batean egin zutela nabarmendu du alkateak, eta bidai orri hori betetzeak Iruneri onurak ekarri dizkiola aditzera eman du, “oraindik baditugu arazoak, baina egindakoarekin pozik gaude. Helburuak bete ditugu, aurreikusitakoa baino azkarrago gainera”. Hala, agintaldiaren bigarren zatirako lehenengoaren segida izango den bigarren plana iragarri du alkateak.
Helburuak bete dituztela esan du alkateak batetik, bere ustez, udalak eg0nkortasun finantzario eta ekonomikoa lortu dituelako, “osasun ekonomiko ona du udalak egun. Etxeko lanak egin ditugu, zerbitzu publikoak kaltetu gabe”. Gainera, tokiko ekonomia eta lana suspertzeko neurriak “eraginkorrak” izan direla esan du Santanok, “komertzioa biziberritzeko planarekin herriko dendariekin elkarlanean aritu gara, eta gainera, maila txiki eta ertaineko hainbat herri lan egin ditugu. Enpresarientzako leiho bakarraren bitartez, gainera, 136 enpresa txiki sortu dira Irunen”.
Udalaren jardueraren gardentasunean ere aurrera urratsak egin direla esan du alkateak, “beirazko paretak ditu udalak, gardenak”. Hala, alkateak auzoetan egin dituen batzarretara 1.200 herritar joan direla zehaztu du, “eta gauza txiki baino garrantzitsuetaz hitz egin dugu, eta kontuan hartu ditugu”. Eta hiriaren etorkizunari begira daudela ere zehaztu du, eta horri ekiteko iragana ez ahaztea komeni dela adierazi, “horren adierazle dira San Martzialeko guduaren 200. urteurrena, edo Irunera trena iritsi zeneko 150.ena”. Eta Irun “bizirik” dagoela uste du alkateak, “eta horren erantzule herritarrak dira, horiek dira gure konplizeak”. Hirian bizi den giroaren erantzule oposizioko taldeak ere eman ditu, “bakoitzak bere lanetik eta iritzitik ekarpenak egiten dituelako, ia beti eraikitzaileak”.