Mitxelena, mozioaren gaineko argibideak ematen, gaur
Aurreko asteko udalbatzarrera mozioa aurkeztu zuen Bilduk, “udala herritarrengana gerturatzeko” bost proposamenekin. Alderdi guztietako zinegotziek mozioaren gainean egin zuten eztabaidaren ondotik, Bilduren mozioko bi puntu onartu zituzten, eta horiek Udal Etikaren Aldeko Irungo Alkatearen Dekalogoa agirian txertatuko dituzte. Bost puntuetatik bi onartuak izan arren, Bilduk gaiarekin gaineko balorazio “positiboa” egin du, Oinatz Mitxelena koalizioaren eledunaren hitzetan, “ez dugu uste mozioan egindako aldaketek desitxuratzen dutenik gure helburua. Helburua zen benetako eztabaida bat piztea alderdiak eta udala herritarrengana gerturatzeko eta horiekin lan egiteko neurriak hartzeko. Lortu dugu”.
Mitxelenaren arabera, mozioa “abiapuntua” besterik ez zen izan euren helburuan, “argi genuen ez genuela eskatzen genuen guztia lortuko, nahiz eta ez izan eskaera iraultzaileak”, baina osoko bilkuran izandako eztabaida bitartean bide bat ireki nahi zutela. Horrela, onartutako mozioaren bidez, udalbatzarrak publiko egiteko neurriak hartzea adostu zuten zinegotziek, eta udalaren webgunearen bidez plenoak ikusteko aukera izango da baliabide teknikoak ezartzen direnean. Bigarren puntuan adostu zuten zinegotziek plenoa bitartean erabiltzen dituzten tresna elektronikoen erabilera (sakelako telefonoak eta antzekoak) arautzea.
Udala herritarrengana hurbiltzeko prozesua “luzea” izango dela baieztatu du Bilduren eledunak, “ez da egin batetik bestera lortuko”, baina Bilduk hartutako bidea beste alderdiengan eragina izan duela uste du Mitxelenak, “beste alderdiek azaldutako jarrera eskertzekoa da, eztabaida ona izan zelako. Gure jarrera beti izan da herritarrengana gerturatzea, eta guk emandako urratsari esker, mozio bidez bada ere, hainbat neurri hartuko ditu udalak. Guk, gure partetik, gaia lantzen jarraituko dugu”.