Gu Geuren ekitaldi berriko aurkezpena
Gu Geu euskararen, gaztelaniaren eta frantsesaren ikaskuntza parte hartzailea sustatzeko ekimena da, hau da, nahi duena Bidasoan erabiltzen diren hiru hizkuntza horietan treba daiteke Gu Geuren bitartez; taldetan banatuta, aukeratutako hizkuntzan hitz egiteko baliabideak ematen ditu Gu Geuk, beti aisia ekintzen bidez, eta Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko partzuergoko ordezkarien arabera, “metodologia dinamiko” baten bitartez. Hizkuntza praktikatzeko zer egin partaideek eurek aukeratzen dute, eta arduradunen arabera, taldeen jardunaren bidez Irungo, Hondarribiko nahiz Hendaiako hainbat eskaintza ezagutzeko aukera dute partaideek: kirola, aisia, gastronomia eta antzerakoak.
Aurten, gehienez 12 laguneko bederatzi talde osatuko dituzte Gu Geuren barruan. Hau da, orotara 108 lagunek parte har dezakete egitasmoan. Hori egiteko izena emateko epea zabalik dago hilaren 4ra arte. Hiru herrietako gazte informazio bulegoetan nahiz telefonoz (00 34 943 63 30 76ra deituz) edo posta elektronikoz (
consorcio[a bildua]bidasoa-activa.com) lor daiteke informazio gehiago, edo zuzenean izena eman daiteke. 108 pertsonakoa muga bada ere, itxaron zerrenda ere badagoela jakinarazi dute, eta bajak eman ahala horri eutsiko diotela.
Mondragon Unibertsitateko Mugi Hadi ikasleen elkartearen laguntza du egitasmo honek, eta euskarazko taldeak Irungo eta Hondarribiko udaletako euskara zerbitzuek abian duten Mintzalaguna egitasmora bideratuko dira. Bertan parte hartzeko 20 euroko kuota ordaindu behar dute partaideek.