Atzo egin moduan gaur ere ehunka herritarrek salatu dute Herriraren kontrako polizia operazioa eta atxilotutako lagun guztiak aske uzteko exijitu dute. Ehunka lagunek hartu dute parte batzarrean eta ondorengo manifestazioan. Informazio gehiegirik ez dagoela eta atxilotuak Madrilgo Guardia Zibilaren Tres Cantos komisaldegian dituztela azaldu dute. Adierazi dutenez etzi eramango dituzte epailearen aurrera Manu Ugartemendia oreretarra eta Herriraren kontrako operazioan atxilotutako gainontzeko hamazazpi lagunak.
Atxilotuen gaineko berrien ostean, dei egin diete errenteriarrei euskal presoen Euskal Herriratzearen aldeko ikurra,balkoietan,lantegietan zein soinean eramateko,”inoiz baino presenteago egon behar duelako aldarrikapen horrek”. Errenteria-Orereta “konponbideari erasorik ez ” lelodun kartelekin betetzeko deia ere egin dute batzarrean.Horretarako bihar arratsaldeko bost eta erdietan egin dute hitzordua Herriko Enparantzan.
Herrira Eguna
Polizia operazioa salatu eta atxilotuei elkartasuna adierazi asmoz berriz,Herrira Eguna egingo dute etzi.12:00etan hasi eta 20:00ak arte hainbat ekimen burutuko dituzte kalean eta oreretar guztiak deitu dituzte ekimenarekin bat egitera.Azkenik larunbatean Bilbon egingo den nazio mailako manifestaziora joateko autobus txartelak eros daitezkela esan dute bihartik aurrera Landare,Arkaitza eta Sindikato tabernetan.