Amuteko jaietako bazkarirako gaur eman behar da izena
Heldu den larunbatean herri bazkaria egingo dute Amute-Kosta auzoko jaien barruan, ohiko argazkia eta gero. 260 lagunentzako bazkaria prestatuko dute eta aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa da. Atzo egin ez zuenak gaur du azken eguna; 18:00etatik 20:00etara izango du apuntatzeko aukera auzo elkartearen lokalean. Helduek 9 euro ordaindu behar dituzte eta haurrek 4 euro.
Bazkarira joaten dena ez da gose geratuko, hori seguru: entremesak, salda, paella (haurrentzat makarroiak) eta postrea izango dute jateko, eta ura, ardoa, kafea, kopa eta xanpaina edateko.
Postre lehiaketa izango da eta auzo elkartetik parte hartzeko deia luzatu dute. Lehiaketara aurkezten diren postreak izango dira bazkarian zerbitzatuko dituztenak. Ez da hori banatuko duten gauza bakarra, bazkalostean sari banaketa izango baita. Ondoren, musika jarriko dute eta dantza egiteko aukera izango da. Bingoa ez da faltako Amute-Kostako bazkariaren ondoren.