Urrun beti urruti
Zirrara eragiteko modukoa da irailaren 11n Katalunian ikusi dugun argazki historikoa: laurehun kilometroko giza-katea, milioi bat lagun elkarri eskua emanda, independentzia eske. Irudika dezagun argazki hori Euskal Herrian, Atturritik Ebroraino.
Aspaldiko eztabaida da katalanen eta euskaldunon estilo eta erritmoari buruzkoa. Bistakoa dena, oraingoan, sekulako erakustaldia egin dutela aberriarekin baino, diruarekin lotu izan ditugun lagunek. Lurrikara politikoa eragin dute. Ez Madrilen soilik; baita gurean ere.
Euforia, emozio edo dena delakoaren gainetik, oinarrizko deritzot non gauden definitzea nora goazen zehaztuko badugu.
Euskal Herrian panfleto, komunikatu edota alderdien egun jakinetako ekitaldi beroetan hitz egin izan da (eta hitz egiten da) independentziaz. Kalean ere bai, askotan, hainbat eta hainbat manifestaziotan. Gaur egun, ordea, erakundeetaraino iritsia da etorkizunari buruzko eztabaida konplexua. Zer gertatu da, ordea, abiadura mantsoagoan zihoazenek horren modu nabarmenean euskaldunoi aurrea hartzeko? Zergatik ikusten ditugu ziztu bizian orain arte geldi eta ia lo ikusten genituenak? Sentimendu nazionalista, Espainiarekiko gehiegizko morrontza ekonomikoaren kontrako matxinada… Arrazoi gehiago ere izan daiteke herritar oldea independentziari begira jartzeko. Baina… bada olde horren eraikuntzan soziologiak estatuko mugimenduen erroldan ondo azpimarratuta utziko duena: herriak hartu duela gidaritza. Bai, herriak!
Egungo demokrazia ereduan alderdiak dira gobernari nagusiak; artzain, itzain nagusiak. Lau urtean behin jasotzen duten botoa denerako lizentziatzat hartzen dute, aurrez iragar ez daitezkeen negoziazioak eginda, «hau da herriak erabakitakoa» moduko esaldi bete eta biribilez edonori ahoa ixteko.
Katalunian, ordea, lau urtez behineko hauteskundeen gainetik, agerian geratu da herritarrek ez dituztela gauzatuta ikusten beren nahi, asmo, proiektu eta desioak. CIU eta PSC moduko koalizio/alderdi indartsuak zur eta lur geratu dira Kataluniako Asanblea Nazionalak (ANC) eragin duen giza-tsunamiaren aurrean, eta herritarren eskakizunari kasu egin beharrean aurkitu dira. CIUk, Duran i Lleidaren Unioren jarrera epel eta anbiguoaren gainetik, herri galdeketa datorren urterako agindu du. PSCk, berriz, tinko defendatu du, PSOEren iritzi ofizial eta nagusiari aurre eginda, herritarrei galdetzea dela edonora joateko modu duinena.
Gatozen etxera. Zer gertatzen da? Non gaude? Seguru asko… alderdien dinamikan kiribilduta.
Kataluniako herri erakustaldiaren ondoren, berehala hartu dute posizioa etxeko alderdiek. EH Bilduk Euskal Bidea kontzeptua plazaratu du, Via Catalana-ren kidekoa, Euskal Herriak bere bidea egin behar duela iradokiz. EAJ eta Iñigo Urkullu lehendakaria 2015ari begira jarri dira, irtenbide adostu bat herri galdeketara eramango dutela aginduz. PSEk azkar ohartarazi du 2015ekoa, Lizarrara eta Ibarretxe Planaren sendara hurbiltzea bada, ez duela ekimenean parte hartuko. Gehiago: aurrean jarriko dela; oztopatu egingo duela.
Sinplifika dezagun hausnarketa. Ezker abertzaleak independentzia nahi du, oraintxe bertan. EAJk herri galdeketara eraman beharrekoa adostu egin nahi du. Norekin? Independentzia eske ari direnekin eta, gero eta gehiago, Madrilera begira dagoen PSErekin; baita beste alderdiekin ere, jakina.
Une historiko honetan ez da ahaztu behar PSEko bi kide jotzen direla PSOEko presidentetzarako lehian hautagai: Patxi Lopez eta Eduardo Madina bizkaitarrak. Beraz, ez da ausartegia uste izatea Madrilera begira dagoenak, edonor dela ere, ez duela autodeterminazioaren, herri galdeketaren edo dena delakoaren alde egingo.
Panorama honetan, «bihar, bihar, bihar… eta inoiz» eskema aurkez diezagukete alderdiek. Esan eta esan ari zaizkigu Kataluniak bere bidea egin duela eta ez daudela bi errealitate berdin. Bale… baina… onar dezagun katalanek aurrea hartu dutela demokrazia ulertzeko moduan. Parte hartzeko hautua egin dute, lau urtean behin boto bero bat ematearen gainetik. Akaso, hori da bidea!