Agertokitik pantaila handira salto egin du Ainara Gurrutxaga (Errenteria-Orereta, 1977), eta egunotan Amaren eskuak Mireia Gabilondok zuzendutako filma aurkezten ari da Donostiako Zinemaldian.
Agertokitik pantaila handira salto egin du Ainara Gurrutxaga (Errenteria-Orereta, 1977), eta egunotan Amaren eskuak Mireia Gabilondok zuzendutako filma aurkezten ari da Donostiako Zinemaldian.
Nolatan eman duzu antzerkitik zinemarako saltoa?
Ez nuen nik aukeratu. Nik beti antzerkia egin izan dut, Dejabun, Mikelazulon… Baina egun batean Mireia Gabilondo zuzendariak deitu zidan proposamenarekin, protagonista nik egitea nahi zuela. Hasieran harrituta geratu nintzen, bazekielako ez nuela inongo esperientziarik ez zineman ezta telebistan ere, baina oso garbi zeukan nik egitea nahi zuela. Zalantza asko izan nituen, banekielako guztiz berria izango zela, eta gainera, protagonista baten papera hartzea ezagutzen ez duzun medio batean… Azkenean beldurra gainditu, eta jakin-minak irabazi zuen. Berotuz joan nintzen eta baiezkoa eman nion.
Gustatu zaizu esperientzia? Berriro errepikatuko zenuke?
Bai. Nik ezetz bizitza honetan oso gauza gutxiri esaten diet, baina batez ere antzezpenarekin zerikusia baldin badauka niretzako pasio edo luxu bat da aukera izatea horretan lan egitea. Egia da ere sentitu dudala ez dela nire berezko medioa. Lehenengo esperientzia bezala ikaragarri ikasi dut, baina ez daukat begia horretan. Gauza puntual bat bezala ikusten dut. Gure bidea antzerkitik doa, eta beti bezala ilusioarekin ari gara gauzak prestatzen.
Asteartean aurkeztu zenuten Amaren eskuak Zinemaldian. Nolako harrera izan du?
Horrelako estreinaldietan gauza berezia izaten da: familia, lagunak, ekipoko jendea… emozioak asko bizitzen dira, eta harrera beti oso ona izaten da. Atzo [asteazkenean], berriz, bigarren pasea egin zen, eta gaur [atzo] hirugarrena egingo da. Denetik egon da. Oro har, jendeari asko atsegin diola uste dut. Gaur hainbat kritika argitaratu dira, eta badago jendea asko gustatu zaiona, beste batzuei ez zaie istorioa horrenbeste iritsi… Betikoa da, eta hala behar du.
Lehenengo filma, eta gainera, Zinemaldian estreinatu duzu. Nola daramazu zurrunbilo hori guztia?
Batzuetan nire buruari galdetzen diot ‘nik? ‘benetan nik joan behar dudala pelikula bat aurkeztera?’. Urduri bai, baina egia da behin horretan sartzean ez dagoela atzera bueltarik, ‘hemen nagoenez, pasatu dezadala ahalik eta hoberen eta balia dezadan aukera hori ikusteko zer den zinemaldi bat, nola antolatzen diren gauzak, zein harreman sortzen diren…’. Momentuz horrela hartu dut, eta oso ondo. Oso jende interesgarria ezagutzeko aukera duzu hemen.
Ainara Gurrutxaga ‘Amaren eskuak’ filmean
Zuk interpretatzen duzun pertsonaia Nerea da. Kontaiguzu nolakoa den.
Seguraski jende gehienari oso gertukoa egingo zaion pertsonaia da. Emakumea, kazetaria, nahiko estresatua bizi da, saiatzen da bere lanbidea eta familia batera moldatzen, baina askori bezala kostatu egiten zaio. Emakume independentea da, gauzak garbi dauzkana eta langilea dena da hasiera batean. Baina pelikula hasi bezain pronto gertatzen zaio ezusteko bat, eta horrek hankaz gora jartzen du bere egunerokoa. Azkenean denek bizirauteko jarrita daukagun oskol hori edo babes xafla hori hausten joaten zaio, eta ezin dio barruan agertzen zaizkion sentimendu horiekin, eta aurre egin behar die.
Pertsonaia bat antzerkirako edo pelikula baterako prestatu ezberdina izango da. Nola joan zara prozesu hori garatzen?
Kasu honetan asko erabili behar izan dut intuizioa. Aurretik ezagutzen dituzu mekanismo batzuk lan egiteko, baina kasu honetan ez nekien oso ondo nola egin behar nuen. Gero konturatu naiz oinarri-oinarrian lan bera dagoela: oinarrian aktoreak nahi du fikziozko pertsonaia bat sortu eta horri bizia eman; hori da gure erronka nagusia beti, eta film honetan gauza bera. Zinemak duen zailtasunetako bat da atzekoz aurrera grabatzen dela guztia, kaotikoa, eta orduan grabatzen ari zarenean oso garbi izan behar duzu bidaia emozional horretan momentu bakoitzean non kokatzen den zure pertsonaia. Beraz, prestaketa handia izan da maila horretan. Horrez gain, Karmele Jaioren eleberriak pista asko ematen ditu, deskribatzen duelako zer sentitzen duen pertsonaiak. Horrek asko lagundu dit.
Gustura geratu zara emaitzarekin? Zer sentsaziorekin geratu zara?
Bai. Beldur asko neukan: pertsonalki gainditu behar dituzu zenbait beldur. Zure burua bera ikustea aurrez aurre, ez nago batere ohituta, eta beldurra neukan ea nire burua onartuko nuen. Gero, estreinaldia ikusitakoan, oso pozik geratu naiz, bai esperientziarengatik eta nire buruarekin harro geratu naizelako erronka oso oso indartsu bati aurre egin diodalako, eta nahiko ondo egin dudalako.
Donostian jarraitzen duzu. Nola duzu agenda?
Lepo. Egunero daude aurkezpenak, kolokioak… lanaren parte bezala. Begia hurrengo lanean jarrita daukat: azaroan estreinatuko dugu
Hamlet Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu panpin laborategiak, eta Errenteria-Oreretan, abenduaren 1ean estreinatuko dugu. Ilusio handiarekin gaude.
Errautsak sortu genuen hiru talde berak gara, eta bigarren aldiz egingo dugu batera lana. Datozen egunetan horretan sartuko naiz buru belarri.