
Atzo egin zuen osoko bilkura udalbatzak eta besteak beste 2014. urteko ekitaldirako Ordenantza Fiskalen onarpenerako diktamina onartu zuen Bilduko zinegotzien aldeko bozkarekin. EAJ-k proposamenaren kontra egin zuen eta PSE-EEko zinegotzi bakarra ez zen atzoko plenoan izan. %1,8ko igoera porposatu du Gobernu Taldeak datorren urteari begira, KPI interanualak izan duena, hain zuzen ere.
Proposamenaren arabera , zabor tasek %40ko hobaria izango dute autokonposta egiten duten herritarrentzat, Ainhoa Zabalok azaldu zuenez. Autoen gaineko zerga berriz, ez da igoko hurrengo urtean. Iaz neurri bera hartu zuen udalak eta beraz, bigarren urtez izoztuko dute ibilgailuen gaineko zerga.
Higiezinen gaineko zerga Gipuzkoako garestienetakoa dela Lezon aipatu zuen EAJko bozeramaile Kepa Garbizuk eta %1,8ko igoera ezartzearen kontra azaldu zen, “gaur egun daukagun grabamen tipoa Gipuzkoako garestienetako da eta gainera igo egin nahi duzue” Ibilgailuen gaineko zergaren kasuan gauza bera gertatzen dela salatu zuen Garbizuk. Emandako datuak zalantzan jarri zituen Zabalok, “iaz gai beraren gainean aritu ginen eta monografiko batean parte hartzeko gonbitea luzatu genizuen, uste dugulako ematen ari zareten datuak ez direla zuzenak”
Irakurketa partziala egitea leporatu zion Eneko Lartige hirigintzako zinegotziakEAJko bozeramaileari, bestalde :”Beste zergen kasuan Lezon gutxiago ordaintzen dugu, urarena kasu, baina hori ez duzue aipatzen”.
Ludotekaren prezioak, gora
Datorren ekitaldirako egindako proposamenaren arabera ludoteka zerbitzuak ere igoera izango du, eta aurtengo 35 eurotik 50 euro ordaintzera pasako dira erabiltzaileak 2014. urtean. Hobarien atalean berriz, familia ugariek %20ko laguntza jasoko dute udalekuetarako matrikula egiteko garaian.