Pasa den
astearteko udalbatzarrean, udal gobernuak atez ateko bilketaren datuak eman zituen. Udalerriko EAJk datu horiek kritikatu ditu. “Herriaren borondatearen kontrako inposaketa hori justifikatu nahi izan dute, baita gainontzeko barrutietara hedatzea ere”, esan du Nahikari Otermin zinegotziak.
Bilduri “obskurantismoa” egotzi dio Oterminek, eta datuak emateko garaian azalerazten dela esan du: “Datuak manipulatu egiten dituzte, atez atekoa hondakinen kudeaketako panazea balitz bezala. Datuak zuzen aztertzean, kontrakoa erakusten dute”.
Udal gobernuak gaika sailkatutako hondakinen kopurua %84 izan zela jakinarazi zuen. “Eta ez dute aurreko bilketarekin alderatzen, datuak barrutika banatzen ez zituztelako”.
Horrela, EAJk “batzen eta kentzen” badakiela adierazi du, eta ondoko datu hauek kalkulatu dituzte:
- “Hemeretzi egunetan 26.040 kilo jaso badira, sanjuandar bakoitzak 0’61 kilo sortu ditu. Urteko 221 sortuko lituzke sanjuandar bakoitzak.
- Gaika %84 jaso bada, sanjuandar bakoitzak urtero 186 kilo hondakin banatzen du. Kuriositatez, atez atekoa jasotzen den herrietako kopuru antzekoa. 180 kilo pertsonako ezker abertzalearen fogma da.
- Ingurumen arloan aurreratuenak diren herrien 400 kilo pertsonako kopurutik urrun geratzen da. Gehiago hurbiltzen da hernaniarren 221 kiloetatik. Non daude falta diren kiloak? Sanjuandarrek gainontzekoek baino gutxiago kontsumitzen dute?
- Urretxun, bosgarren edukiontziarekin, 183 kilo banatzen ditu pertsona bakoitzak. Asko hurbiltzen da atez atekoaren datuetara? Zein da sistema eraginkorragoa?”.
Horrela, Urretxu jarri dute eredutzat: “Herri borondateari kasu eginez jarri zuten bosgarren edukiontzia. Bilduk agintzen duen udala dute, baina eurek ez dute ezer ere ez egin emaitzak hobetzeko”. Bosgarren edukiontziarekin atez atekoaren emaitza berdintzen dela uste dute, “eta hori zaborraren turismoa kontatu gabe, hondakinen herena suposatzen duela”. Esan dute Urretxun 373 kilo hondakin jasotzen direla urtero pertsonako. Atez atekoa “gezurretan oinarrituta” dagoela adierazi dute.
Horrela, Bilduri eskatu diote “manipulatzeari eta demagogia egiteari uzteko eta gardena izateko”. Horrez gain, “ezberdinak diren egoerekin” alderaketak egitea albo batera utz ditzala galdegin diote, baita atez atekoaren “aldebakarreko erabakiaren” kostu osoa jakinaraztea.
Azkenik, atez atekoaren aurka sinatu duten pasaitarren borondatea “errespeta” dezala eskatu diote udal gobernuari.