Atzo ilunabarreko plenoa
Xanistebanetan erasotua izan zen emakumeari elkartasuna adierazi zion Udalbatzak atzoko udalbatzarrean irakurritako adierazpen instituzionalean.
“Udal honek gaitzespena adierazi nahi du eta eskubide guztien hautua egin duela esan. Neurriak hartuko ditugu horrelako gertaerarik berriro gerta ez dadin eta argi utzi nahi dugu udalak beste gizarte eredu baten aldeko apustua egiten duela”, adierazi zuen Eider Mitxelena zinegotziak. Bide horretatik, udalak Tolosako eraso matxistaren kontra egin diren elkarretaratzeekin bat egiten duela adierazi zuen.
Bestalde, gai zerrendako puntuei dagokionez, Cadarso enpresarekin sinatutako hitzarmenaren aldaketa onartu zuten EH Bilduko zortzi zinegotzien aldeko botoekin (H1 eta EAJ abstenitu egin ziren). Oiartzungo hiri garbiketa eta hiri hondakinen eta asimilagarrien bilketa eta garraioaren zerbitzua kontratatzeko proposamena mahai gainean jarri zuten. Kontratua lau urtekoa izango dela argitu zuten eta iragarkia Europako Batasuneko, estatuko zein lurraldeko aldizkari ofizialetan aterako da. Aho batez onartu zuten.
Intxixu AEK euskaltegiko ikasleei diru laguntzaren zati bat hasieran ordainduko zaiela ere onartu zuten eta Oarsoaldea SAri 2013ko hirugarren hiruhilekoari dagokion kopurua ordainduko zaio.
Dietei dagokionez, abuztuan 363 euroko gastua izan zen lore eta eskeletan eta irailean 5,35 euro bidaietan.