Ezker abertzaleak eta Ezker Batuak San Marko ixteko zailtasunak jarri izan dituztela esan du EAJk
San Marko zabortegia zigilatzeko prozesuan sartuta dago, eta Errenteriako EAJ pozik agertu da, joan den igandean egindako jaian talde politiko guztiek parte hartu zutelako. Hala ere, Maite Peña bozeramaileak adierazi du EAJ aurreko legegintzaldian diputazioan egon zenean, “zailtasunak” pasatu behar izan zituela zabortegia ixteko: “San Marko kontrolatu eta zuzentzen zutenak, ezker abertzalea eta Ezker Batua (Errenteriako Udal Gobernuko kidak egun) hainbat traba jarri zituzten itxiera ez ahalbidetzeko”. San Markoko presidentetzan aldaketa egon behar izan zuela esan du, “Bizkaiko diputazioaren zaborrak hara eramateko akordio bat lortu ahal izateko, eta modu horretara, 0 isuri ahalbidetzeko”.
Hala ere, “kezkatuta” agertu da Peña Bilduren hondakin kudeaketarekin: “Koalizio horretako Ingurumen diputatuak proposatu du eta hala berretsi du Hondakinen Partzuergoak ere, zaborrak tratatzeko modu bakarra zabortegiak Gipuzkoa osora zabaltzea dela”. Zentzu horretan, galdetu du horrek ez al duen San Markoren behin betirako zigilatzea arriskuan jarriko.