Hamabi jokalari berrirekin ekin dio denboraldiari Hondarribia taldeak
Heldu den larunbatean Unionen kontrako derbia izango du futboleko Ohorezko Mailan jokatzen duen Hondarribia taldeak. Lehen jardunaldian Berio menderatu eta bigarrenean Beti Gazterekin galdu eta gero, irundarren kontra garaipena bilatuko dute berdeek Hondartzan. Egun berezia izango da, gainera, klubeko talde guztietako jokalariek omenaldia egingo baitiote Kontxako bandera irabazi zuen Ama Guadalupekoa traineruari. Mikel Llorente entrenatzaileak jendearen erantzun ona espero du, partida erakargarritasunez beteta baitago.
Lehen partida irabazi eta bigarrena galdu. Nola ikusi duzu taldea ligaren hasieran?
Egia da balio duena garaipena eta hiru puntuak direla, baina nik uste Lesakan, nahiz eta galdu, taldeak maila hobea eman zuela lehen jardunaldian baino. Bi partidetan ekipoak lan handia egin du, aldaketa asko izan dira, hamabi jokalari berri, Gazte Mailatik eta Regionaletik igotako asko daude eta maila aldaketa sumatzen da. Kostatuko zaigu baina jendea ilusio handiarekin dago eta horregatik eta zaleen bultzadagatik atera genuen lehen partida aurrera, nahiz eta aurkaria puntu bat hobea izan. Lesakan, aldiz, lehenengo zatia oso-oso ona egin genuen; bigarrenean pixka bat gehiago izan ziren beraiek eta ematen zuenean partida bukatuta zegoela penalti bat eta galdu genuen. Baina sentsazio oso onekin geratu naiz bietan.
Denbora gehiago behar duzue jokalari berriak taldean behar bezala egokitzeko?
Bai, gainera aurre denboraldia ez da erraza izan, jokalari asko arratsaldez lanean, oso jende gutxi egon gara. Orain hasi gara normaltasunez entrenatzen eta fisikoki aurre denboraldian landu ez genuena orain ari gara egiten. Nik uste gero eta denbora aurrera pasa, taldea gero eta hobetoago egongo dela.
Abantaila baduzu, igo diren jokalariak beheko mailetatik ezagutzen dituzulako.
Bai, hori horrela da, hamabigarren denboraldia dudalako klubean entrenatzen, urte bat haurrekin, zazpi kadeteekin, bi gazteekin eta orain bigarren urtea zaharrenekin. Bentaja hori dut, denak ezagutzen ditudala, entrenatu ez ditudanak ere, egunero-egunero hemen nagoelako.
Iazko taldeak jokalari bat izan zuen erreferente bezala, Rodri, Real Unionera joan dena. Zu ez zinen batere gustura geratu gertatu zenarekin.
Betiko asuntoa da. Real Unionen ez dira jokalariekin oso garbiak fitxatzeko orduan. Bigarren Mailan taldea dutenez horretaz aprobetxatzen dira jokalariak fitxatzeko, aurre denboraldia lehen taldean egingo dutela… Bigarren jardunaldian Rodri bigarren taldearekin joan da eta larunbatean gure kontra jokatuko du. Pena handiena niretzat hori da, jokalariak engainatzen dituztela, baina jokalariaren aldetik normala da Bigarren Mailan jokatzeko aukera eskaintzen dizutenean baietz esatea. Baina beraiek bazekiten orain ez dela lehen talderako jokalaria, hemendik bi edo hiru urtera, agian. Taldearentzat ere pena da, 20 gol sartu zituelako, baina taldeak ez zuen beretzat jokatzen, aulkian egon zenean taldeak golak sartzen zituen ere eta aurten bera ez dago eta lehen partidan Beriori bi gol sartu genizkion, eta talde ona da Berio.
Taldearen jokatzeko modua iazkoaren antzerakoa izango da?
Bai, nik estilo bat dut eta saiatzen naiz mantentzen. Batzuetan jokalariek zerbait alda arazten dizute, baina Hondarribiaren kontra jokatzen duenak badaki nolako taldea izango garen, ez dago sekreturik.
Iaz hobe aritu zineten etxetik kanpo etxean baino. Aurten, aldiz, etxean irabaziz eta kanpoan galduz hasi zarete. Desberdina izango al da aurten?
Bai, kuriosoa da. Normalean talde guztiek etxean puntu gehiago lortzen dituzte, baina guk iaz kanpoan egin genituen gehiago. Niri gustatzen zait taldeak berdin jokatzea etxean zein kanpoan, eta ondo kanpoan puntu asko lortu genituelako, baina pena etxean pixka bat gehiago eginez gero gorago geratuko ginelako… Baina nire taldeak beti berdin jokatuko du, etxean eta kanpoan.
Helburua beti hurrengo partidan jartzen duzu, baina, iazko denboraldia eta gero, hori errepikatzea ez litzateke txarra izango.
Aurreko bi denboraldiak oso zailak izan ziren, justu-justu ez ginen jaitsi. Nik uste nuen iaz asko kostatuko zitzaigula hastea, baina hasi ginen eta lehen lau partidetatik hiru irabazi genituen. Aurten ez dakit non egongo garen, zalantzak ditut aldaketa asko egon direlako, baina nik uste taldea lehiatzeko dagoela astetik astera, partida guztietan.
Zeintzuk dira goialdean egoteko faboritoak?
Beti izen berdinak izaten dira, Real Union, Hernani, Anaitasuna aurten jaitsi dela, Aretxabaleta… Baina beti egoten dira sorpresak. Oiartzunek beti denboraldi onak egin ditu, bosgarren, seigarren, hor ibili izan da, baina han irabazi genienean hamabi puntu ateratzen genizkien eta, partida hori galdu eta ez dakit denboraldian beste bat edo bi galdu zituzten, ia beste guztiak irabazi. Inork ez zuen esaten Oiartzun faborito zenik eta begira zeinek bukatu duen goian. Denboraldia oso luzea da.
Llorente, larunbateko partidarako atera duten kartelarekin
Iaz arazoak izan zenituzten entrenatzeko, zelaiagatik, argiengatik… Aurten ba al da zerbait hobetu daitekeenik?
Iaz gertatu zena izan zen negua oso gogorra izan zela eta ur asko bota zela, eta entrenatzeko zelaia segituan urez betetzen da. Argiak ere hondatzen ziren, ura sartzen zitzaielako. Aurtengo negua normalagoa izatea espero dugu.
Eta herritarrei zer eskatzen diezu, zaleei?
Nik beti esaten dut gu ez gaudela ezer eskatzeko, astebururo emateko baizik. Zuk zelaian ematen baduzu zaleek laguntzen dute. Berioren kontra asko sufritu genuen, baina aurretik jarri ginen eta jendeak lan izugarria egin zuen harmailan guri laguntzeko. Berio gu baino hobea zela ikusten zuten, pixka bat justu ari ginela, eta azkenean harmailako jendeak ematen duen bultzada jokalarientzat oso garrantzitsua da. Nik uste etxean aurreko urtean baino seguruago ariko garela aurten.
Larunbatean derbia, eta omenaldia traineruari, partida hasi aurretik. Partida ezin erakargarriagoa.
Unionen kontrako derbia delako eta arraunlariei omenaldi egingo zaielako polita izango da. Arraunlariek egiten duten lan izugarria baloratu behar da eta polita izango da herrian bertan baloratzea omenaldi txiki batekin. Espero dugu jendea animatzea, jendeak asko egiten duelako; jende gutxi etortzen bada eman dezake omenaldia gaizki geratzen dela baina jende asko etorriz gero oso polita izan daiteke.
Partida, hasteko, erakargarria da, Real Unionen kontra, eta arraunlarien asuntoarekin beste puntu bat du. Espero dugu horrekin jende berria etortzea eta ea futbolarekin zaletasuna hartzen duten. Jokalariek asko eskertuko dute, neguan arratsaldeko hirurak eta erdietan jokatzen dugunean gogorra egiten baita publiko gutxi baldin badago. Jokalariek merezi dute, esfortzu handia egiten dutelako eta, gainera, normalean lehen aldiz etortzen direnek errepikatzen dute. Jokalariek ahal duten guztia ematen dute zelaian eta hori jendeak eskertzen du.