Llorente, derbirako atera duten kartelarekin
Larunbat arratsaldean omenaldia egingo diete Ama Guadalupekoa traineruko arraunlariei futboleko Ohorezko Mailako taldeak Real Unionen kontra jokatuko duen partidaren aurretik. 16:30ean hasiko da derbia Hondartzan eta hogei bat minutu lehenago egingo zaio ekitaldia traineruari.
Ohorezko Mailako entrenatzaile Mikel Llorentek HITZAri azaldu dionez futbol elkarteko talde guztietako futbolari eta arduradunek parte hartuko dute omenaldian, “eta ia 400 gara”. Egun berezia izango dela uste du Llorentek, “Unionen kontrako derbia delako eta arraunlariei omenaldi egingo zaielako. Egiten duten lan izugarria baloratu behar da eta polita izango da herrian bertan baloratzea omenaldi txiki batekin. Jendeak asko egiten du; jende gutxi etortzen bada eman dezake omenaldia gaizki pentsatua dagoela baina jende asko etorriz gero oso polita izan daiteke”. Horregatik herritarrei dei berezia egin die futbol taldeko entrenatzaileak, “omenaldira agertzeko eta gero partidan animatzen gelditzeko”.
Omenaldia dela-eta, partida berezia izango da Real Unionen aurkako derbia eta sarreraren prezioa ohikoa izango ote den ez dute garbi; klubetik esan dutenez ostegunean jakinaraziko dute neurri bereziren bat hartuko ote duten.