Dantza Hirian Errenteria-Oreretara iritsiko da igandean, eta lau kale ikuskizun ikusi ahal izango dira herriko zenbait txokotan. Horien artean, aurpegi ezagunak ere izango dira, Kukai herriko dantza konpainiak azken lana estreinatuko baitu:
Gelajauziak. 19:00etan izango da Zumardian.
Jon Maia Kukai dantza konpainiako kideak azaldu duenez, Cesc Gelabert maisuarekin lan egiteko aukera izan dute, eta “oso aberasgarria” izan da. Dantza Hirianentzat propio sortutako lana da, eta uztailean zehar osatu dute, hiru hiritan: Miarritze, Donostia eta Errenteria-Oreretan. Hain zuzen, Donostian bertan estreinatu zuten lana hilaren 13an, eta Baionan ere eman dute. Emaitzarekin gustura daudela esan du Maiak, eta “itxura guztien arabera, baita publikoa ere”.
Maiaren arabera, kale ikuskizuna da, eta gai nagusia mutxiko edo jauzien eta Gipuzkoako Soinu Zaharraren arteko harremana nahiz balio soziala da. Horrez gain, sinbolo batzuen gainean ere gogoeta egiten duela gaineratu du, eta “dena Cesc Gelabert bezalako koreografo baten ikuspegitik” lantzen dela. Bost dantzarik parte hartzen dute, eta Iraia Oiartzabal Pasaiako diseinatzaileak egindako jantziak eramaten dituzte.
Dantza Hirianeko beste ikuskizunak honakoak izango dira: Sara Martineten
Siege (18:00etan, Xabier Olaskoaga plazan), La Macanaren
Drown the Road (18:20ean, Herriko Plazan) eta Proyecto D_Rusesen
5 [Cinco] (18:40ean, Agirre Lehendakariaren plazan).
Jaialdiaren azken eguna izango da. Hilaren 13tik zazpi herritan izan dira zenbait ikuskizun ematen, horien artean, Irun, Hendaia eta Pasaian.
Sentsibilizazio programa
Dantzarekin lotutako ekintzetarako, ordea, ez da igandera arte itxaron beharrik izango. Ostegunean, herriko ikastetxeetako haurrek
Gelajauziak ikusteko aukera izango dute Kukai eta Errenteria Udalak elkarlanean daramaten dantza eta sentsibilizazio kanpainaren barruan. Bi saio egingo dituzte, 09:30ean eta 10:30ean, eta biak Xabier Olaskoaga plazan izango dira. 7-8-9 urteko 300 inguru haurrek parte hartuko dutela aurreratu dute.
Abendura arteko programazioa zehaztu dute dagoeneko bi aldeek, eta beste hiru ekitaldi izango dituzte: Dantzaz eta Malandain Ballet Biarritzen konpainien bisita eta Jon Anduezaren
Simplemente filmaren proiekzioa; Down sindromea daukaten gazteen konpainia baten istorioa.
Programazioa
- Hilak 26: Dantza kalean. Emanaldiak ikastetxeentzat.
- Urriak 9: Dantzaz konpainiaren entsegu publikoa.
- Azaroak 13: Malandain Ballet Biarritzen entsegu publikoa.
- Abenduak 4: Simplemente filmaren proiekzioa eta tertulia.