Puerta, Sagarzazu, Maldonado eta bi musikari, Kale Nagusian
Ensemble Moxos taldeak, San Ignacio de los Moxos (Bolivia) herriko musika eskolatik sorturiko orkestrak kontzertua emango du ostegun honetan, hilak 26, Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean, 20:00etan. Besteren artean, Hondarribiko Udalaren eta Taupadak Gobernuz kanpoko Erakundearen (GKE) kooperazioari esker jarri zuten musika eskolaren lehen harria eta elkartasunari esker aurrera atera da eta bertan irakasle bezala lan egiten dute Ensemble Moxos taldeko musikari gehienek, ikasle ez diren guztiek. Esther Maldonado taldeko zuzendaria da horietako bat eta gaur goizean udaletxean egindako aurkezpenean azaldu duenez, pozik daude Hondarribian euren proiektua erakusteko aukera dutelako: “Euskal Herriarekin eta Hondarribiarekin lotura handia duen egitasmoaren eboluzioa erakustera gatoz, hemendik iritsi zaigun laguntzari esker lortu baitugu proiektuak aurrera egitea. Horregatik gustatzen zaigu hona itzultzea, laguntza eraginkorra izan dela erakusteko. Bai, lanean ari gara, eta bai, gure herrian eragin sozial nabarmena izan du”.
San Ignacio de Moxos eskola urtetik urtera hasi egin da eta gauza bera egin du Ensemble Moxos taldeak. Dagoeneko hamazazpi kide dira orkestran, hamasei musikari eta zuzendaria, denak 12 eta 30 urte bitartekoak. Txomin Sagarzazu Hondarribiko Udaleko Kultura zinegotziak adierazi du taldeak kulturaren bitartez funtzio soziala betetzen duela: “Sorkuntzaren eta interpretazioaren bidez pertsonak gertuago egotea lortzen dute”.
Hil zorian zeuden abestiak
Osteguneko kontzertuan lan zaharrak eta berriak uztartuko ditu Ensemble Moxos orkestrak. Berriak,
Ichasi awasare (P
ueblo viejo) diskoan bildu dituztela aurreratu zuen Maldonadok: “Ahozko tradiziotik hartu ditugu abestiak, hautsa kendu eta Ensemblerako egokitu ditugu”. Hilzorian zeuden abestiak direla aitortu du zuzendariak, “aiton-amonekin batera hiltzeko zorian zeudenak”, baina San Ignacio de los Moxos musika eskolako taldeari esker iraungo dute CD formatoan.
Udaletxean egin dute aurkezpena
Orain arte egin dute bira “luzeena eta biziena” izango dela gehitu zuen zuzendariak, “90 egunetan 70 kontzertu emango ditugu”, Europako hamar bat herrialdetan. Sagarzazu zinegotziatzat “ohorea” da taldeak Hondarribia bisitatzea egiten ari diren biraren barruan. Itsas Etxeko emanaldira joan nahi duenak 2 euro baino ez ditu ordaindu beharko.
Musika elkartasunerako
Modu asko daude elkartasuna adierazteko eta bat baino gehiago darabil Taupadak GKEak. Herri indigenen garapenerako hainbat proiektu dituzte martxan baina deigarria egiten da Taupadaken jardunean musikarekin duten lotura. Euskal Herrian Taupadak orkestra sortu dute eta Bolivian San Ignacio de Moxos herrian musika eskola eraikitzen lagundu dute eta bertatik jaiotako Ensemble Moxos taldeari sostengua ematen diote. Toño Puerta erakundearen arduradunaren arabera, elkartasuna jaten eta edaten ematea baino gehiago da: “Batzuek uste dute kooperazioa dela jendeak zer jateko edo osasun zerbitzuak lortzen laguntzea, garapen bidean diren herrien eskubideak soilik horiek balira bezala, oinarrizko beharrak asetzea. Gure ustez kultura eskubide unibertsala da, beste edozein bezain garrantzitsua, eta gainera zapalduta bizi den herri baten identitatea eta memoria aldarrikatzeko modua ere bada”.
Kultura zabaltzeko moduaz gain, San Ignacio de Moxos herriko musika eskolak lanbidea lortzeko aukera eman die Ensemble Moxos taldeko kideei: “Taldea osatzen dute hamazazpi kideetatik hamahiru, adinez nagusiak diren guztiak —gainontzekoak batxilergoa ikasten ari dira—, musika eskolako irakasleak dira eta musika da euren lanbide bakarra. Orain bira honetan jotzea da euren lana eta Bolivian daudenean musika irakastea”.
Ostegun honetan Itsas Etxean joko dute Ensemble Moxos orkestrako kideek eta Europako bira amaitu aurretik Irunen ere ariko dira, abenduaren 7an. “Kontzertu berezia izango da Irungoa, Taupadak orkestrarekin batera joko dugulako”, nabarmendu du Esther Maldonado taldeko zuzendariak.