Hondakinen lan taldearen ondoren, beste bi lan talde berri sortzeko lanean hasi da Errenteriako Ingurumen Aholku Kontseilua: bioaniztasuna eta energia. Hain zuzen, gaur arratsaldean bertan egingo du talde bakoitzak bere lehenengo bilera: bioaniztasunak 17:00etan, udaletxean, eta energiak ordubete beranduago, 18:00etan, udaletxean ere. Bilerak ordubete baino gehiago ez duela iraungo aurreratu dute.
Bioaniztasunaren arloan Mendi eta Ingurumen Sailak gogorarazi du Bioaniztasunaeta natura ondarea hobetu eta kontserbatzeko estrategia osatu duela udalak, eta hori onartu aurretik herritarren ekarpenak bildu nahi dituela.
Horrez gain, Alkatearen Itunari atxiki zaio Errenteria-Orereta. Alegia, CO2 emisioak murrizte aldera, energia eraginkortasuna sustatu nahi du: eraginkortasuna %20 gutxienez handitu eta kopuru berean energia berriztagarrien erabilera. Europako Batasuna 2020. urterako zehaztu dituen energia helburuak dira horiek. Hori dela eta, Energia Iraunkorrerako Ekintza Plana osatu nahi dute, eta horretarako, Energia Taldea osatzea aukera ona dela uste du.
Norbaitek parte hartu nahi izanez gero, 943 49 22 15 telefono zenbakira edo
aitor[abildua]izadi21.net helbidera idatzi behar du.