
Oinatz Mitxelena Irungo Bilduren bozeramailea
Agintaldi hasieran Jose Antonio Santano alkateak Udal Etikaren Aldeko Irungo Alkatearen Dekalogoa argitaratu zuen. Horretan hutsuneak ikusi ditu Irungo Bilduk, eta dekalogo hori osatze aldera hainbat proposamen egin ditu, “udalaren barne funtzionamendua hobetzen eta herritarren parte hartzea gehitzen laguntzeko”. Hiru multzotan banatu dituzte ekarpen horiek; batetik komunikazioa eta informazioa lantzen dituzten proposamenak daude, bestetik barne funtzionamendua hobetzeko lagungarri izan daitezkeenak, eta azkenik, gardentasunaren atalean sakondu dute. Horiekin mozioa aurkeztu du Bilduk.
Azken atal honetan, gardentasunarena, Bilduk eskatu du dekalogo horretan txertatzea pertsona batek, gizarte eragile batek, elkarte batek edo erakunde batek erregistro bidez sartutako edozein dokumentu “jende ororen eskura” egon dadila, eta horietara erregistroko aplikaziotik sartzeko aukera egon dadila.
Barne funtzionamenduaren atalean Bilduk proposatu du batzordeak ez daitezela izan “informazio organo soilak”, eztabaidatzeko eta erabakitzeko guneak baizik. Hartara, bilkura guztiak (batzordeenak, gizarte eragileekin egindakoak, edo auzo elkarteenak esaterako) metodologia jakin batekin egin daitezela eskatu du koalizioak, “eta jaso daitezela horietan parte hartzen duten lagun guztien iritziak”.
Komunikazio eta informazio alorrean, berriz, bi gairen gaineko kezka agertu du Bilduk. Batetik, udalbatzarrak zuzenean udal webgunearen bidez ematea da koaliziokoen ekarpena, “jendearen informazio aukera zabaltzeko”. Bestetik, udal bilkura eta udalbatzarretan sakelako telefonoaren erabilera muga dadila eskatu du Bilduk.