Berrordainketaren kontra sinadurak biltzen ari dira
Doneztebe plazako farmaziaren kanpoan berrordainketaren kontrako informazioa ematen eta sinadurak biltzen ari da Oiartzungo jubilatu talde bat. Gaur 12:00ak bitarte egongo dira bertan, baina herriko beste hiru farmazietan ere egongo dira hurrengo egunetan.Pentsiodun eta 65 urtetik gorakoen errezetak dohainik izatea eskatzen dute, baita anbulantziak, makuluak… ere. 417 botika errezeta gorrietatik atera dituzte, hau da, finantzazio publikotik kanpo dauden botikak dira. Errezeta horiek orain osorik ordaintzen dituzte kaltetuek.
Pentsiodun zein 65 urtetik gorakoei eskari zehatz bat egin nahi die jubilatu taldeak: “Farmazian erosten dituzten botika guztien tiketa eska dezatela, eta egiaztagiriak (farmaziako zigilua, data eta sinadura). Horiek behar dira Eusko Jaurlaritzari erreklamazioa egiterakoan beharko diren ziurtagiriak”.
Sinadurak biltzen egunak
Etzi, hilak 25, Arraskularreko farmaziaren kanpoan egongo dira; hilaren 30ean Altzibarkoan, eta urriaren 2an Arraguakoan.