Opor ondorengo lehenengo plenoa, bihar, Errenteria-Oreretan
Bihar eseriko dira berriro zinegotziak pleno aretoan udako oporraldiaren ondoren. Bederatzi puntutako gai ordena izango dute, eta horietan gehienak, araudiarekin eta obrekin lotutako tramite kontuak izango dira.
Alkatetzaren kontuei errepasoa egin ondoren, Oarsoaldea S.A-n Asier Mujika Bilduko zinegotziak zuen ordezkaritza bertan behera utzi izanaren berri emango dute.
Segidan, Alkatetzak Errenteria-Oreretako tokiko jaieguna zein zehazten duen dekretua berretsi beharko dute zinegotziek. Gero, hondakinen arloan sartuko dira Errenteriako udalerrian bideak garbitu eta hiri hondakin solidoak bildu eta garraiatzeko zerbitzua kontratatzeko prozedura bertan behera utzi eta berria hasi ahal izateko.
Seigarren puntuan, hiri garraio zerbitzu publikoa kontratatzeko proposamenaren gainean eztabaidatuko dute, eta zazpigarrenean, Koldo Mitxelena plazako lokalaren bi zatiren aldaketa juridikoa onartzearen gainean.
Gero, bizitegirako hiri llurreko hainbat esparru finkatuen kokatzen diren lokaletan hirugarren sektoreko erabileratik bizitoki erabilerarako aldaketa egiteko ordenantzan hainbat zuzenketa egitea landuko dute.
Azkenik, Tomas Lopez kaleko 9.en zenbakian igogailua jartzeko obrak egiteko kaltetutako ondasun eta eskubideen desjabetzaren gainean hitz egingo dute.
Bukaeran, galdera eta eskariei tartea egingo diete.