Mende laurdena hainbat ekitaldirekin ospatuko du Basari elkarteak
Basari elkartea 25. urteurrena ospatzen ari da aurten. Urte osoan zehar hainbat ekitaldi egin dituzte, eta datorren urriaren 11, 12 eta 13rako ere prestatu dute egitaraua. Horrela, urriaren 11n —ostirala— ikurrinaren igoera egingo dute Basari elkartean, 19:00etan. Bertso-sardin jatea egingo dute, 21:30etik aurrera, Azokan.
Larunbat goizerako onddo eta perretxikoak biltzeko plana egingo dute. 08:00etan jarri dute zita Zumardian. Eguerdi parterako bazkaria egingo dute. 14:30ean hasiko da, eta bazkaldu ondoren Dj Beñat ariko da.
Iganderako, berriz, jasotako onddo eta perretxikoen erakusketa egingo dute Gure Zumardian, 10:00etatik aurrera. Ordubete beranduago, Alkarkide txarangak giroa alaituko du. Ekitaldiekin bukatzeko asmoz, jasotako onddo eta perretxikoak dastatuko dituzte, 13:00etatik aurrera.
Auzipetuak, gogoan
Sortu zenetik orain arte, Basarik momentu “momentu txarrak” izan dituela gogorarazi du elkarteak, “espainiar justiziaren begi puntuan egonaz”. Horrela, datorren hilean hainbat elkarte eta pertsonen kontrako epaiketa gogoan izan dute.
“Baina une politak ere bizi izan ditugu. Sasi guztien gainetik, ezkertiar eta abertzaleok, elkarrekin, gure herria eraikitzeko hamaika ekintza aurrera atera ditugu urte guzti hauetan”, gaineratu dute.