Jose Angel Rodriguez PSE-EEko bozeramailea.
Udal Gobernu Taldeak Errenteriako Udalbatzak hartutako bi erabaki urratu dituela esan du Jose Angel Rodriguez PSE-EEko bozeramaileak; hirugarren eta laugarren puntuak, zehazki. Hirugarren puntuan adostu zuten PSE-EEk egin duen eta gainontzeko udal taldeek egin ditzaketen kultur azpiegituren gastuen eta bideragarritasunaren ikerketa bat egitea. Laugarrenean, berriz, jarraipen batzorde bat eratzea erabaki zuten kultur azpiegituren etorkizuna erabakitzeko. Ez bata ez bestea ez dituela bete adierazi du Rodriguezek.
Alkatearen eta gobernu taldearen jarrera “antidemokratikoa” izan dela uste du Rodriguezek. “Inpunitate osoz, gardentasun falta agerian utziz eta inposaketaz maniobratu du herritarrek eta zenbait erakundek bakarrik bere proiektua ezagutu dezaten”. Hori dela eta, PSE-EEk berriro aurkeztu behar izan duela berea azaldu du. Udal talde guztiei bidali die beste behin bere proposamena. Duela urte batzuk Lekuona liburutegi izateko proiektu bera da, baina gauza batzuk gaineratu dizkiote.
Zutabe nagusia Lekuonara liburutegia eramatea da. Duela urte batzuk aurreko udal gobernu taldeak aurkeztutako proiektu bera da, eta eraikinarekin batera, lurrazpiko garaje batzuk aurreikusten ditu. Liburutegiaren erabilpenari dagokionez, liburutegiaz gain, beste zenbait zerbitzu integratzeko gune izatea proposatu du: Oarsoaldeko Formakuntza eta Lan Departamendua, etorkizuneko Herritarren Arreta Zerbitzua eta KZ Gunea, kasu. Horrek enplegu arloan, batez ere, sinergiak lortzea bide emango uste du Rodriguezek, eta horregatik ekintzaileek, freelance eta autonomoek euren proiektuak garatu eta besteekin partekatzeko gune bat jaso du bere proiektuan. Horrez gain, Umeentzako Hub espazio bat (umeen sormena lantzeko) ere gaineratu du.
Dantzagunea, Errenteria Hiria Kulturgunean
Lekuona, beharrean, Dantzagunearentzat espaziorik onena Errenteria Hiria Kulturgunea dela iritzi dio Errenteriako PSE-EEk. Orain, behin-behinean dantzarako gune horretan egingo diren obrak eta 543.000 euroko inbertsioa baliatuz, Dantzagunea bertan geratu daitekeela uste du. “Inbertsio handia da, baina nahikoa Dantzagunea baldintza onenetan aurrera ateratzeko”, adierazi du Rodriguezek. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baldintzetako bat Dantzagunea Lekuonan izan beharra gezurtatu du, eta toki hori Errenteria Hiria Kulturgunea izan daitekeela berretsi.
Azkenik, dantza ikuskizunetan espazioa irabazteko, Xabier Olaskoaga plaza estaltzeko aukera aztertu du PSE-EEk. Horrela, dantzarako “potentzia handiko espazioa” lortuko luketela esan du.
Euskal Jantzi Museorako Torrekua proposatu du talde sozialistak. Baina eraikinari erakusketa aretoa izateaz gain, beste kultur edo hezkuntza arloko erabilpen batzuk ere eman dakizkiokeela jakinarazi du.
Egungo liburutegia, hotel
Liburutegia tokiz aldatuta, egongo liburutegia dagoen eraikina libre geratuko litzateke, eta hor, eraikinak bizitoki izaera duela kontuan hartuta, hotela egin daitekeela azaldu du PSE-EEko bozeramaileak. Obrek kostu txikia izango luketela uste du, eta aitzitik, salduz gero, 1,5 milioi euro inguru poltsikora daitezkeela, “Lekuonako obren zati handi bat finantzatuz”.
Talde sozialistaren azkeneko adarra egungo Olibeteko Oarsoaldeko bulegoetan (liburutegira eramanez gero) Bake Epaitegia egitea da. Horrez gain, bertako auzo elkartearentzako erabilera anitzeko espazioak egin daitezkeela adierazi du Rodriguezek.
Udal gobernu taldea “proiektuak bikoizten eta aurrekaririk gabeko xahutzea” egiten ari dela kritikatu du PSE-EEk. Bere proiektua, ordea, errenteriarren “benetako” beharren araberakoa dela esan du.