Sei urte pasatxoz Asobal Ligako partidarik jaso gabe egon eta gero, larunbatean Frigorificos Morrazo taldearen bisita jaso zuen Bidasoa-Irun taldeak Artalekun. Partida latza izan zen, aurtengo sasoiko denak izango diren bezala, baina Asobaleko lehen jardunaldiarekin alderatuta, askoz itxura hobea azaldu zuen Irungo eskubaloi taldeak, eta partida bukaerara arte puntuen alde borrokatu zuen. Azkenean 22-25 irabazi zuten kanpokoek Asobal Ligako bigarren jardunaldiko partida.
Lehia osoan zehar atzetik joan ziren bidasoarrak, baina gehienetan gol bateko kontrako alde murritzarekin. Atsedenean, esaterako, 11-11ko markagailua ikus zitekeen Irungo kiroldegian. Partidako azken minutuetara ere irabazteko aukerekin iritsi ziren irundarrak, baina zati erabakior horretan beherakada fisikoa izan zuen taldeak, eta nekeak jota Galiziako taldeak abantaila handitzea lortu, eta bi puntuak eraman zituen Artalekutik.