Bosgarren denboraldia hasiko du Gamon kirol elkarteak
Larunbatean hasiko da Gamon kirol elkartearen denboraldi berria, aurten bosgarrena. Bi arlotan izango ditu taldeak kirol elkarteak: saskibaloian eta areto futbolean. Azken horretan, gainera, gizonen lurraldeko maila guztietan taldea daukan Gipuzkoako talde bakarra izango da, lau talderekin, hain zuzen. Saskibaloian, berriz, hiru talde izango ditu Gazte, Kadete eta Senior mailetan.
Odei Fraile izango da saskibaloi saileko koordinatzailea, eta Iñaki Molina, berriz, areto futbolekoa. Aurtengo aurpegi berriak Julen Anzizar eta Iñigo Narbarte izango dira, zuzendaritzan sartu baitira. Presidente izaten jarraituko du Luis Garridok.
Bestalde, Gamon kirol elkarteak jarraituko du Cristobal Gamon ikastetxeko Eskola Kirolaren egitaraua antolatzen. Hain zuzen, Ekaitz Urdanpilleta Cid arduratuko da horretaz.