Hiruztaren kluba aurkeztu aurretik upategian bisita egin dute
Hiruzta Hondarribiko txakolindegiak beste urrats bat egin du Getariako jatorrizko izendapena duten gainontzeko upategietatik bereizteko. Gaur goizean Hiruzta Klubaren aurkezpena egin dute eta bertan Klubeko lehen lau bazkideak izan dira, Luis Irizar eta Luis Mari Bujanda sukaldariak, Donostiako Alde Zaharreko Bujanda taberna eta Solbes Gourmet banatzailea.
XVII. mendearen bigarren erdian utzi zitzaion txakolin ardoa ekoizteari Hondarribian eta duela sei urte Jaizkibel mendiaren magalean txakolindegi bat eraikitzea erabaki zutenean, Rekalde familiak argi zeukan ardoa ez ezik, herriaren historiaren zati bat ere berreskuratu behar zutela. Topara jatetxera doanak hori antzematen du lehen unetik,
Bixargorri-k idatzitako bertsoetatik hasita, hiriko artxibategiko aipamenetara, Hondarribian txakolinak izan zuen garrantziaz jabetzen da bisitaria.
Helburu berarekin,
Hondarribi xuri mahatsarekin egindako zukua munduan zabaltzen eta herriko kultura eta tradizioak berreskuratzen laguntzen diharduten pertsonak omendu dituzte gaur Hiruzta klubaren aurkezpenean. Anjel Rekalderen esanetan kluba handitu nahi dute, baina hasieratik beraiekin egon direnekin gogoratu dira aurrena: “Enbaxadore oso onak dira eta poza handia ematen digu gurekin hasieratik konfiantza eduki izana, produktua baloratu izana eta horregatik izan dugu eurekin detailetxo hau. Hiruztaren ateak irekita dituzte etxekoak balira bezala”.
Luis Mari Bujanda eta Anjel Rekalde, goizean
Abarka jatetxeko Luis Mari Bujanda izan da Hiruzta Klubeko lehen lau bazkideetako bat; upategia sortu zenetik bertako txakolinaren aldeko apustua eskertu diote Bujandari Hirutakoek eta berak eskertu die: “Hondarribian txakolin upategi bat sortu zutela entzun nuenean norzuk zeuden jakin nahi izan nuen eta, kasualitatez, haien familia aspalditik ezagunak nituen, lagunak. Produktua aurkeztu zidatenean gustatu zitzaidan. Etxean, nire jatetxean sartzen den guztia probatzea gustatzen zait, saldu daitekeen edo ez erabakitzeko. Kasu honetan hori oso erraz gainditzen zuen eta, gainera, herrian ekoitzitako produktua da, tradizio bat berreskuratzen duena, eta hori oso interesgarria da edozein hondarribiarrentzat, baina bereziki ostalarientzat”, azaldu du Abarkako sukaldariak.
Beste hirurak bezala, txakolina eta Hondarribiko historiarekin duen lotura zabaltzeko konpromisoa hartu du sukaldari hondarribiarrak eta sari bezala bere izena duen plaka jarri diote upategiaren 8. mahasti lerroari eta lerro horren bendimia egiteko aukera izango du. Gainera, Hiruzta Klubeko bazkideak lehenak izango dira urtero ardo berria dastatzen, San Anton egunarekin.