Antxoko Realzaleak laguntaldeak ofizialki hasiko du ibilbidea
Datorren ostegunean, hilaren 26an, Antxoko Realzaleak laguntaldeak ofizialki hasiko du ibilbidea. Horretarako, ekitaldi bat antolatu dute ostegunerako, Gure Zumardiko kioskoan. 19:30ean hasiko da.
Laguntaldeko kideez gain, bisitari ilustratuak izango dira bertan. Taldeko zuzendaritzako kideak izango dira bertan, baita lehen taldeko bi jokalari ere: Mikel Gonzalez eta Haris Seferovic. Antxoko Realzaleek euren burua aurkeztu ondoren hartuko dute hitza. Iban Izak aurkeztuko du “sorpresaz betetako” ekitaldia. Bukatzerakoan, jokalariekin argazkiak ateratzeko aukera egongo da, baita sinadurak eskatzeko ere.
Kioskoko ekitaldiaren ondoren, laguntaldeko bazkide egin direnentzako luntxa egingo dute Kamio tabernan (Antxoko Realzaleen egoitza da). Sabela bete eta eztarria freskatzen duten bitartean, bideoak ikusteko aukera izango dute, tartean abuztuan Lyonen lortutako garaipenarena.
Leverkusenera bidaia
Lyonera egin bezala, Antxoko Realzaleekin Europan barrena bidaiatzeko aukera egongo da datorren astean. Horrela, autobusa atera nahi dute Leverkusenera.
Bidaia autobusez egingo dute. Urriaren 1ean irtengo dira Antxotik, 20:00etan. Hurrengo goizean iritsiko dira Koloniara (Leverkusenetik hogei kilometro ingurura dago), eta ostatu hartu ondoren, Leverkusenera abiatuko dira, eta partida arteko orduak bertan pasako dituzte. Hotelean lo egin, eta urriaren 3an itzuliko dira Antxora. Sarrera ziurtatua dago.
Bidaiak 160 balio ditu, eta izena emateko Kamio tabernatik pasatu beharko dute. Bestela, 685 75 07 36 telefono zenbakira deitu dezakete.