Urriaren 5ean Euskara Bizi Nahi Dut herri lasterketa, Errenteria-Oreretan
Euskaraz Bizi Nahi Dut herri lasterketa Errenteria-Oreretara iristear da. Urriaren 5ean izango da, hain zuzen. Euskal Herriko zenbait herritan egingo da dinamika hori, eta Errenteria-Orereta ere batu zaio Kontseiluak egindako deialdiari.
Ez da lasterketa lehiakorra izango, kirola eta euskara uztartuko dituen ekitaldia baizik. Euskaraz bizitzearen aldeko hautua egin eta egindako hautu hori harrotasunez, herri-lasterketen bitartez adierazi nahi dute Euskal Herriko zenbait herritan.
Errenteria-Oreretaren kasuan haur eta helduei zuzenduta egongo da, eta ibilbidea San Silbestre lasterketako berbera izango da. Izena dagoeneko eman daiteke, eta horretarako Galtzarabordako nahiz Fanderiako kiroldegian edota Lau Haizetara Euskaldunon Elkartearen egoitzan egin daiteke. Haurrek 2 euro ordaindu beharko dute, eta helduek 5 euro. Horrekin batera kamisetak eramateko deialdia egin dute. 5 euroan daude salgai. Dagoeneko, zenbait elkarte eta ikastetxeren babesa jaso du lasterketak.
Iruñeko manifestazioa abiapuntua
Euskaraz Bizi Nahi Dut dinamikak 2010eko maiatzaren 15ean Iruñean egindako manifestazioan hasi zuen bere ibilbidea. Normalizazio prozesuan pauso kualitatiboak eman ahal izateko, beharrezkotzat jotzen dute eraldaketa soziala ematea, eta horretan denek dutela “lan ugari eta zer esan ugari”, adierazi dute. Dinamika honen barruan, eta euskaraz bizitzeko nahia arlo desberdinetara hedatzeko eta ikustarazteko helburuarekin, hainbat ekimen egin dituzte azken hiru urteetan.
Dinamikaren funtsa jendarte mugimendu zabala eratzea da. Euskaraz bizi nahi duen orok lekua du dinamika honetan, eta nahi duen espresio edo agerpen mota erabiliz egin dezake ekarpen hori: hezkuntza arloa, alor sozio-ekonomikoa, espresio artistikoa…