Ttur-ttur Euskaltzaleen Bilgunearen eta Oiartzungo Udalaren arteko hitzarmenari esker, Oiartzungo merkataritza eta ostalaritza sektorean euskararen erabilera areagotzeko plana abian dute. Horren barruan sektore horietako langileei bideratutako euskara eskolak daude, hizkuntza ikasteko edo maila hobetzeko. Hala, Intxixu AEK-k horren berri emateko 200 establezimendura prest duen eskaintza bidali du, bertako langileen artean zabaltzeko.
Eskaintzaz gain, —euskaltegiko ohiko ikastaroak nahiz autoikaskuntza eskolak—, Oiartzungo Udalaren beka sistemaren berri eman du Intxixuk igorri dituen agiri horietan. Hala, besteak beste, hainbat baldintza betez gero matrikularen %70 berreskura dezakete herriko denda nahiz tabernetan lan egiten duten, eta euskara ikastera animatzen diren pertsonek: aurtengo berritasuna da ez dela itxaron beharko ikasturte bukaerara diru hori berreskuratzeko, izan ere, ikasturte hasieran matrikularen erdia itzuliko dietelako ostalaritzako eta merkataritzako langile horiei. Baldintza gehigarriak betez gero, ikasturte bukaeran %70a arteko kopurua jasoko lukete.ç
Horregatik guztiagatik, Oiartzungo Udalak “erraztasun horiek baliatuz” euskara ikastera edo maila hobetzera animatu ditu herriko merkatari eta ostalariak. Matrikulatzeko epea hilaren 27ra artekoa da. Hala, Fermiñene Etxean dauden Intxixu AEKn nahiz Ttur-tturren lor dezakete interesdunek informazio gehiago:
Ttur-ttur Euskaltzaon Bilgunea: telefono zenbakia, 943 26 01 82; posta elektronikoa:
merkatariostalari.tturttur[a bildua]gmail.com.
Intxixu AEK euskaltegia: telefono zenbakia, 943 49 39 57; posta elektronikoa:
oiartzun[a bildua]aek.org