Hilaren 27tik 29ra egingo dituzte Ugaldetxoko Jaiak
Datorren asteburuan egingo dituzte auzoko jaiak Oiartzungo Ugaldetxon. Auzoko jaiak dira baina herri askok nahiko lukete Ugaldetxokoen programa eduki. Ostiral arratsaldean suziria botatzen dutenetik (19:00) atsedenerako denbora gutxi izango dute bertakoek.
Ostiralean bertan afari-merienda herrikoia egingo dute eta Herrirak preso eta iheslarien aldeko kartelada egingo du, hilabeteko azken ostirala izanagatik. Gauean, Zabaleta anai-arreben emanaldiak musikaz girotuko du auzoa. Gauean ere Truk Txapelketa izango da, Atamitxen (22:00). Sariak ez dira edonolakoak izango.
Larunbatean kirolak izango dira protagonista: parte hartzekoak goizean, 4-12 urte bitarteko duatloiarekin (11:30), eta ikustekoak arratsaldean, Oreka Trial Showarekin (18:00). San Migel egunaren bezpera musikaz bukatuko dute Ugaldetxon (23:00), izan ere, Sardeska eta Ingo al deu taldeek kontzertuak emango dituzte Atamixeko afariaren ondoren. Afarira joan nahi duenak Intxixun erosi behar ditu txartelak
San Migel Eguna
Igandea izango da Ugaldetxoko jaietako egun handia. 09:00etan joko dute diana, eta egun luze baten iragarle izango da. Goizean krosa, pilota partidak eta Lartaun abesbatzaren eta Haurtzaro dantza taldearen ikuskizuna izango da, Toka Txapelketaren aurretik. Arratsaldean II. Artisau erakusketa egingo dute karpa inguruan eta, arratsaldean ere, Goitibehera Jaitsiera izango da (17:00etan, 14 urtetik gorakoentzat).
Sardina jaten eta zezen eta goitibehera suzkoekin (19:30) bukatuko dira 2013ko Ugaldetxoko jaiak. Ikusteko dago eguraldiak lagunduko duen ala ez, baina gauza bat argi dago: norbaitek ez badu ondo pasatzen, ez da izango jai batzordeak antolatutako egitarauak aukera eman ez diolako.