Pelaez eta Astudillo, aurkezpenean
Igande goizean bustita azalduko da Butroi Pasealekua, elkartasunez bustita, bigarren urtez Hondarribia Elkarlanean Jardunaldiak antolatuko baititu Hondarribiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Departamentuak. 11:00etatik 14:00etara Hondarribiko hamalau elkartek eta hamahiru Gobernuz Kanpoko Erakundek (GKE) urtean zehar burutzen dituzten proiektuen berri emango dute. Maite Pelaez zinegotziak lokaltasun hori nabarmendu zuen atzo udaletxeko areto nagusian eginiko aurkezpenean: “talde hauek Hondarribian edo Hondarribitik garatzen dute haien lana, eta 2012. urtean jaso dute diru laguntza udaletik. Ideia urtero udalarekin lankidetzan aritzen diren elkarte eta GKEekin egindako topaketetan sortu zen. Topaketa horietan hainbat gai jorratzen ditugu, horietako bat boluntariotza eta sentsibilizazioa”.
Hondarribia Elkarlanean jardunaldiko bigarren ekitaldian parte hartuko dutenen izenean, Iñaki Astudillo Abay Etiopia erakundekoak onartu zuen batzuetan GKEekin “mesfidantza” dagoela. “Igandekoak aurpegia jartzeko balioko digu, atzean zein dagoen ez dakitelako dute mesfidantza eta igandekoak aurpegia jartzeko balioko digu. Gure lana ezagutarazi ahal izatea bikaina da, egiten duguna erakutsi eta jendearen atentzioa eta maitasuna jaso ahal izatea”.
Jardunaldiari amaiera emateko,
Slumdog Millonaire filma proiektatuko dute arratsaldean Itsas Etxea Auditoriumean. Prezio berezia jarri dute, 2 euroan.