Hondarribiko Alardeko Jaizkibel konpainia parekideak aurtengo desfilean gertatutakoen eta aurretik izandako mugimenduen balorazioa eman du, komunikabideetara bidalitako ohar baten bidez. Esaten dutenez, Jaurlaritzak abiatutako “bitartekaritza prozesuan parte hartu dugu, udalarekin eta Alarde pribatuaren aldekoekin batera”, baina bide hori okertu zela onartzen dute.
Hala ere, beraiek bileretan planteatutako konpromisoak betetzeko erabakia hartu zutela diote eta, Kale Nagusian plastiko beltzak egon izan diren arren, aurten “baldintza hobeak” izan direla onartzen dute. “Alarde pribatuaren aldekoek, ordea, ez zuten erantzun garbirik eman eta alkate jaunak plastiko beltzak justifikatu egin zituen. Jaizkibel Konpainiak, berriz, emandako hitzari eutsi zion. Azkenean, Segurtasun sailak bere ebazpena plazaratu zuen, bitartekaritzaren baldintzak berretsiz. Jaizkibel konpainiak konpainia soil gisa desfilatu zuen eta babesa ematen dioten pertsonak espaloietan jarri ziren. Plastiko beltzekin gertatu zena guztiok ikusi genuen”.
Nolanahi ere, Jaizkibel konpainiak gogora arazi du ezin duela Alardean parte hartu eta erakundeekin lanean jarraitzeko borondatea agertu du Hondarribia plastiko beltzen hiria izatetik berdintasunaren hiria izatera hel dadin.