Komunitate indigenetako hainbat kide Oiartzuna etorriko dira
Aymarak, mayak, maputxeak, kurdo bat, nasak, amazigh bat… guztira komunitate indigenetako hamabost kide Arritxulo aterpetxean egongo dira asteburu honetan.Garabide gobernuz kanpoko erakundearen bidez etorri dira Euskal Herrira eta hiru hilabetez Hizkuntzak Berreskuratzeko Aditu Titulua ateratzeko ikasketak egingo dituzte Eskoriatzan. Besteak beste, euskara berreskuratzeko zer egin den irakatsiko diete beraien herrietan baliagarri izango delakoan.
Asteburua Arritxulon
Bihar arratsaldean iritsiko dira Arritxulora eta bertan izango dituzte udal ordezkariak harrera egiteko prest. Gero bilera ttiki bat egingo dute. Hurrengo egunean, mendi buelta egingo dute eta afaldu eta lo Arritxulon bertan egingo dute. Igandean, Arditurriko minak bisitatuko dituzte eta gero Eskoriatzara itzuliko dira.
Aurrera begira, beste egun batean Oiartzuna itzuliko dira, baina kasu horretan uren herriari, komunitateari, lanari… buruz hitz egitera.