Eskuzko pasakako finala Donostian, joan den larunbatean.
200 urte dira Donostia erre zutela eta horren haritik garai hartan pilotan nola jokatzen zuten erakutsi nahi izan dute. Joko zuzenak besterik ez zeuden orduan eta Oiartzun joko zuzenen erreferentzia bihurtzen ari den heinean, erakustaldi hori prestatu zuen baztandarrekin batera.
Partiden antolakuntza, pilotariak, epaileak, tanto kantatzaileak, materiala (pilotak, tresnak, sarea, markagailua…) eraman zituzten. “Antolakuntza honek arrakasta handia izan du”, adierazi dute Txostetik. Larunbatean Alderdi Ederren bote luzean aritu ziren eta Trinitateko frontoian eskuzko eta larruzko pasakan. Igandean laxoan jokatu zuten Alderdi Ederren. “Arrakastaren lekuko, ikustera hurbildutako jendea, prentsak emandako garrantzia eta berriro honelakorik errepikatzeko dauzkaten asmoak dira”.
Oiartzun eskuzko pasakan aritu zen Trinitatean, Aste Nagusiko txapelketa azkarraren finala jokatu zuten. Oiartzunek 9-7 irabazi zio Donostiari.