Iritzia. Xabier Pombo: 'Promesak haizeari'
Badiaren birgaitzeari buruzko “itxaropenezko hitzak” dakartza berriro PSE-EEk. Oraingo honetan PSEren eta EAJren arteko hitzarmena da. Gogoeta eta galdera batzuk azaleratu nahi ditut.
Hasiera batean, ezberdinen arteko akordioak positiboak izan daitezke, edo negatiboak, edukiaren arabera. PASAJES izeneko atalean (Pasaian baino, sinatzaileek portuaren izendapen zaharrean gehiago pentsatzen zutelako), esaten dute “Pasajeseko Badiaren birgaitzerako laguntza”. Oraingoz, behintzat, eragozpenik ez, pasaitarrok eskatzen duguna baita hori. Kontua da nola egingo den: bizilagun zein udalarekin kontatuko al dute?
Egia da, PSEk esan duen moduan, “euskal erakundeek zor historikoa” dutela Pasaiarekin, eta “denbora gehiegi” daramala badiak “bere edertasuna azalarazteko itxoiten”. Egia da baita ere PSE Eusko Jaurlaritzan egon dela agintaldi batean, eta beste bat gehiago Estatuko Gobernuan. Orduan kanpo kaiarekin bakarrik gogoratzen ziren, hauteskunde garaiko promesak ahaztuta. Hobe lukete baliabideak mahaigaineratuko balituzte, Pasaiako birgaitzea ahalbidetuko luketen obrak abiarazteko. Trintxerpeko Azokaren lurrak eta Ziriza eraikinaren hobetzea, Herreraren hobetzea, Donibaneko alde zaharraren hiriberritzea, Trinxterpeko goiko aldeak, Ondartxoko pasealekua, Luzuriagako bigarren fasea… Baina agian hurrengo hauteskundeen zain daude.
Azkenik, portuarengan jartzen du arreta akordioak, eta kanpo kaiaren menpe uzten du. Hori da PSEren eta EAJren benetako interesa, nahiz errentagarritasunik ez duen, ez sozial, ez ekonomiko ezta ingurumenari dagozkienak. Hobe lukete portuak duen azpiegitura eta merkatarirza defizita konpontzen saiatuko balira, bi alderdiena baita ardura, eurek kuadeatu baitute portua azkeneko hamarkadetan. Ez dituzte eraberritze lanak egin, eta, gainera, nazioarteko foroetan portua “zaharkitua” dagoela esaten dute. Ez da harritzekoa, izan dituen kudeatzaile horiekin zaila da hobera egin dezan. Espero dugu oraingoan hitzetatik ekintzetara pasatuko direla. Hala bada, “akordio” horri gustu handiz emango diogu ongietorria.
Xabier Pombo. Pasaiako Ezkerrako eleduna.