Liburutegi berriaren muntai informatikoa.
Irungo oposizioak —EAJk, Bilduk, PPk era EB-Bk— bat egin du San Juan plazako liburutegi berriaren izenaren gaineko kezka agertzeko. Izena aukeratzeko prozedurari buruzkoa da ezinegona. Izan ere, oposizioko alderdiek uste dute Jose Antonio Santano alkateak “lapurtu” egin diela liburutegi horren izenaren gainean “eztabaidatu edo proposamen ezberdinak egiteko aukera”. Horrela, kultur azpiegiturari Carlos Blanco Aginaga izena “bere kabuz eta oposizioko taldeoi prentsaren bitartez berria publiko egin baino ordu gutxi batzuk lehenago informatuz” jarri diola alkateak esan dute oposizioko kideek, “irundarron aurrean berari ez dagokion protagonismoa lortzeko azpijokoa” erabiliz.
Oposizioko alderdiek nabarmendu dute Juan Carlos Aginaga zenaren eta haren izenaren kontra egoteko ez dutela arrazoirik, baina izena hautatzeko prozeduran jarri dute gaiaren erdigunea. “Santano jaunarengan jada ohikoak bilakatzen ari diren horrelako jarreren aurrean nahikoa dela esateko ordua iritsi da. Liburutegiaren izendatze prozesua eten, eta erabaki hori adostasunez eta denon aukerak errespetatuz hartzeko bitartekoak martxan jar ditzan eskatzen diogu”, esan dute oposizioko alderdi guztietako kideek. Hala, oposizioak alkateak “talde guztien adostasuna” bilatzeaz hitz egiten duela gogorarazi du, “eta bere helburua lortu du. Hala ere, adostasuna oposizioko taldeen aldetik etorri da”.