Gipuzkoako Nekazarien Lurren Funtsak bere lehenengo
bost lur sailak banatu ditu gaur goizean. Honakoak dira jaso dituzten baserritar gazteak: Marta Higuera, Aritz Elosegi, Iñigo elgea, Ivan de la Peña eta Ainhoa Landaberea eta Asier Agirre bikotea. Martin Garitano ahaldun nagusiarengandik jaso dute hektarea banako lur saila lantzeko baimena.
Urrulloko lurretan sail bana jasoko duten nekazariak
Koldo Lizarraldek, Gipuzkoako Landa Garapeneko zuzendariak, proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu. Horrela, “proiektu estrategiko” gisa definitu du: “Eskubidea da lurra landu nahi izatea. Horregatik, Aldundiaren lur publikoak lantzeko eskainiko ditugu, beste hainbat erakunde eta norbanakoekin ustiatzeko”.
Mikel Zendoia Behemendi elkarteko kideak esan duenez, sarrera jarri diete bost lur sailei. Horrez gain, ur biltegi amankomuna prestatu diete, eta argindarra ere jarri diete. Urrullo baserria biltegi moduan erabiltzeko prestatu dute. Inbertsioa, guztira, 130.000 eurokoa izan da. Dirua jarri duen erakundeetako bat Kutxaren Ekogunea izan da. Xabier Esteban ordezkariak adierazi duenez, hiru helburu dituzte. Alde batetik, gizarteari “lehenengo sektorearen sentiberatasuna” iristarazi nahi diotela esan du. Bestetik, nekazaritzan ari diren profesionalak laguntzea, eta azkenik, ekoizpen ekologikoa sustatzea.
Garitanok esan duenez, elikadura burujabetzaren bidean “beste urrats bat” da gaurkoa. “Baserritar gazteei aukerak eman nahi dizkiegu, eta pauso gehiago emango ditugu. Badakigu baratzak bizirik mantendu nahi duten gazteak badaudela, eta lagundu nahi diegu”.