Julen Mendoza, Ikerne Badiola eta Jon Muniategiandikoetxea
Lekuonako dantza eta arte eszenikoen zentroaren aurreproiektua egin ondoren, orain prozesu parte hartzaile batekin osatuko dutela jakinarazi dute Errenteriako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Prozesu parte hartzaile hori bihartik urria bukaerara arte luzatuko da, eta bertan, kudeatzaile, teknikari, aktore eszenografo, dantzari eta mundu horretan dabiltzan beste hainbat pertsonekin egingo dute. Guztira, 20-30 laguneko talde “anitza” osatuko dutela aurreratu du Ikerne Badiola Kultura diputatuak: “Parte hartze zuzenaren aldeko apustua egiten du proiektu honek. Sektore eragileek eta ekipamenduaren erabiltzaileek esango dute zer behar duten eta nola behar duten. Hori berme bat da Lekuonaren iraunkortasun eta eraginkortasunerako”.
Datorren urte hasieran behin betiko proiektua eskuartean izatea espero dute, eta hori kontuan hartuta, lanak martxoan hastea. Hamabost hilabete inguru iraungo dute, eta aurretik, abendua eta urtarrila bitartean, eraikuntza egonkortzeko lanak egingo dituzte. Oraindik ez dute bai udalak eta bai aldundiak zenbateko ekarpena egingo duten zehaztu, baina Badiolak esan du “bi instituzioek eskutik” helduko diotela proiektuari. Lekuonaren aurrekontua 5-5,5 milioi euro ingurukoa izango dela aurreratu du ere Kultura diputatuak.
Parte hartze prozesuaren proposamenak Valuum estudioak egindako proiektuari batuko zaizkio. Bera izan da Errenteriako Udalak deitutako lehiaketan esleitutako enpresa.
Julen Mendoza Errenteriako alkateak zehaztu duenez, proiektuak oso ondo erantzuten die herriaren beharrei, eta era berean, “interes kultural eta urbanistikoa batzeko” gai izan dela esan du: “Kulturala, espazio erabilerak malguak direlako, eta urbanistikoa jasangarria den eraikina delako, inguruan oso ondo egokitzen dena, ondare industriala mantentzen duena, inguruko etxebizitzekin harmonikoki kokatzen dena, eta espazio urbano egokiak lortzen dituena lantegiaren inguruan”.
Horrez gain, proiektua “estrategikoa” eta “historikoa” dela azaldu du Errenteriarentzat, eta hiru arrazoi eman ditu horretarako. Batetik, “Errenteria 2025 plan estrategikoaren ondorio” bat delako; bestetik, “Lekuona herriaren trantsizio ikur” bihurtu delako, industrializazioaren gainbeheraren ondoren; eta azkenik, Pasaiako biziberritzearen barruan kokatuta dagoelako, bereziki, “Pasaia eta Errenteria-Oreretaren egoera gogorra” kontuan hartuta.
“Dagoena baliatu”
Jon Muniategiandikoetxea Vauum estudioko ordezkariaren esanetan, garrantzitsua izan da proiektu honetan dagoena baliatzearen filosofia, eta oro har ere horrekin lan egiten dutela gaineratu du. Eraikin “erakargarria” egin zaiela esan du, gehienbat barneko espazioak eskaintzen dituen aukerak kontuan hartuta.
Egungo eraikinari gorputz bat erantsiko diote atzealdean, eta era berean, egun dagoen plaza eta aparkalekua berritu eta lorategiz inguratu. Gorputz hori dago pentsatua alde logistikorako eta baita arte eszenikoetarako gelak, aldagelak eta bestelako zerbitzuak kokatzeko.
Lekuona eraikin zaharrari dagokionez, egungo fatxada errespetatuko dutela aurreratu dute.