Eurozikloko Interpretazio Zentroa
Heldu den igandean, hilaren 29an, Bidasoko Euroziklo 1 Bide berdea Martxa egingo dute, Irun eta Elizondo (Nafarroa) lotzen dituen Bide berdearen barrena, Europako bizikleta bide sarea eta sare horrek Behe Bidasoan egiten duen ibilbidea sustatzeko. Hiru ibilbide prestatu dituzte, bat helduentzat eta beste bi haurrekin egiteko modukoak.
Euroziklo —edo Eurovelo—, ibilbide luzeko hamabi bizikleta bide barne dituen Europako sarea da eta lehen bideak, Norvegiako Ipar Lurmuturra (Nord Cap) Portugal hegoaldeko Sagres herria lotzen dituena, Euskal Herria zeharkatzen du, besteak beste Hendaia, Hondarribia eta Irundik pasatzen delarik. Irunen, gainera, Euroziklo bidearen Interpretazio Zentroa ireki zuten udan, Abenida zubiko garai bateko Aduanako eraikinean. Bertan, Ipar Lurmuturra eta Sagres lotzen dituen 8.200 kilometroko ibilbideari buruzko informazioa lor daiteke. Euroziklo 1 bidearen zati bat da, hain zuzen ere, hilaren 29an egingo dutena.
Miguel Angel Paez Irungo Udaleko Ingurumen ordezkari eta Bidasoa Bizirikeko presidenteak gaur egin duten aurkezpenean azaldu duenez, bide hori ezagutzeko modurik onena bizikleta gainean egitea da: “Gauzak ulertzeko modurik onena horiek bizitzea eta gozatzea da, eta horregatik, uste dugu gure bizikleta-zirkuitua ezagutzera emateko modurik onena bi gurpilen gainean jarri eta bertan ibiltzea dela; noski, adin desberdinetara egokituta”.
Hiru ibilbide denen neurrira
Parte hartzaileen arabera, hiru ibilbide prestatuko dituzte, 42, 7 eta 15 kilometrokoak. 42 kilometroko ibilbidea aukeratzen dutenek Behobiko zubia eta Elizondo arteko bidea egin beharko dute. 10:30ean abiatuko dira eta iristerakoan luntxa eta opari bat emango diete Bertizen. Ibilbide luzea egiteko ezinbestekoa da izena ematea.
Beste bi ibilbideak egiteko ez dago izena eman beharrik. 7 kilometroko martxa Behobitik irtengo da eta Endarlatsan amaituko. Amaiera gunean Euroziklo bidearen gaineko informazioa emango dute, gastronomia dastaketa izango da eta Bidasoa Bizirikek hainbat ekitaldi antolatuko ditu. 15 kilometroko tartea ere haur eta familiei zuzenduta dago, baina batez ere nafarrentzat, Sunbillatik Bertizera doalako eta nahi duenak Bertizetik Sunbillara autobusez joateko aukera izango duelako. 12:00etan abiatuko da martxa Sunbillatik.