Oiartzuarrak txapeldun Kizki Egunean
Atzo, igandea, Kizki Eguna egin zuten bosgarrenez, aurten Donostiako Parte Zaharrean. Eguneko ekitaldirik interesgarriena herrien arteko desafioa izan zen eta oiartzuarrak izan ziren jaun eta jabe.
Oiartzungo taldea Karmele Irastorzak, Ion Zabalekuk, Mirari Lizasok eta Jon Larrañagak osatu zuten eta 13 minutu eta 9 segundo behar izan zuten proba gainditzeko. Atzetik sailkatu ziren hurrenez hurren Astigarraga (13′ 22”), Goizueta (16′ 26”), Hernani (16′ 32”) eta Donostia (17′ 34”).
Konstituzio plazan izan zen norgehiagoka eta parte hartzaileek Oiartzundik eramandako sagarrak kizkiarekin bildu eta gero zakura sartu zituzten. Ondoren, zaku horiek lerara igo eta hamar plazan egin zituzten.
Oiartzuarren helburua Astigarragari irabaztea zen Irastorzak aipatu duenez: “Gainera, tanda berean lehiatu ginen eta ikusteko oso polita izan zen, paretsu ibili baikinen”.
Heldu den urtean, Errenteria-Oreretak hartuko du VI. Kizki Eguna antolatzearen ardura.