Koordinazio sozio-sanitariorako protokoloa sinatu dute udalak eta osakidetzak
Koordinazio soziosanitariorako protokoloa sinatu dute gaur goizean Ainhoa Zabalo Lezoko alkateak eta Marisa Merino Osakidetzako Gipuzkoako Kudeatzaile Zuzendariak. Udaleko Gizarte Zerbitzuetako eta Lezoko Osasun Zentroko koordinazioa zehaztea da hitzarmenaren helburua.Osasun zentroak eta udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradunek osasun edo segurtasun arazoak dituzten edo izateko arriskua duten pertsonen arretan parte hartzen duten agenteen arteko koordinazioa beharrezkoa delako sinatu dutela bi instituzioen arteko hitzarmena azaldu dute Zabalok eta Merinok.
“Kasuen antzematea bideratzeko modua jarri nahi dugu batetik, eta bestetik beharezkoak diren neurri sozial edo sanitarioak egokitu eta aktibatu nahi ditugu eta bide batez horien jarraipena egin”, esan du Zabalok.
Gaur goizean sinatutako hitzarmena, ahultasun eta arrisku egoeran dauden adineko pertsonei; gizarte bazterketa pairatzen dutenei; buruko gaitz larriak dituztenei; babesgabetasun egoeran edo arriskuan dauden adingabeei; eta indarkeria jasaten duten emakumeei zuzendua dago.